H&M eta COS enpresetako langileen desfilea, beren enpleguak eta lan-baldintzak defendatzeko

2021/05/17
H&M eta COS enpresetako langileek desfile bat egin dute gaur goizean Moyuan dagoen H&M zaharreko ateen eta Bilboko Kale Nagusiko COS dendaren artean, pairatzen duten arazoa ikusteko. Hego Euskal Herriko H&M eta COS enpresetako langileak greba mugagabean daude maiatzaren 3tik, euren lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko.

Joan den apirilaren 23an, enpresak kaleratze kolektiboen prozedura hasi zuen, eta maiatzaren 7an, lan-baldintzen funtsezko aldaketa, Estatuan 1.066 langile baino gehiagori eragingo diena. EAEn eta Nafarroan 56 langilek dute eragina. Enpresak 30 denda ixtea proposatu du, baita kaleratzeen ondorioz beste 94 denda kaltetzea ere. Halaber, lan-baldintzen funtsezko aldaketak, lanaldia jaistekoak, Estatuan guztira 24 dendatako 45 langileri eragingo die. Prozesu horiek kaleratzeak eta lanaldien aldaketak dakartzate berekin.

Itxierei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan lantoki bat itxiko dela jakinarazi dute, Bizkaian dauden bulegoez gain; baliabideak murrizteagatik kaleratze kolektiboen eraginpean dauden dendei dagokienez, EAEn 6 dendek eta Nafarroan 2k izango dute eragina, eta horien artean daude Bizkaiko denda guztiak. Lanaldia doitzeko lan-baldintzen funtsezko aldaketari dagokionez, Nafarroan denda bat dago eta Bizkaian 3.

ELAk negoziazio-eremua hemen izatea defendatzen du, horrelako prozesuetan izandako esperientziak erakusten digulako negoziazio-eremua zenbat eta zabalagoa eta urrunagoa izan, orduan eta zailtasun handiagoak daudela lantoki bakoitzaren errealitatera eta langileen beharretara egokitzen diren akordioak gauzatzeko.
 H&M taldeak, emandako datuen arabera, 21.988 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen 2019an, eta 1.270 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen.