Hainbat eragile sozialek bat egin dute martxoaren 27ko mobilizazioarekin

2010/03/24
Eragile sozialetako ordezkaritza zabala izan da Donostian datorren larunbatean Hego Euskalherriko lau hiribuetan egingo diren manifestazioei euren atxikimendua azaltzeko.

 

Ekologistak Martxan, Eguzki, Bilgune Feministak, Asociación de Trabajadoras del Hogar, Pangea, Colectivo Bachue, Kira, Periódico Nuevo Euskadi, Anitzak Ekimena, Elkartzen, Herria 2000 Eliza, Mugarik Gabe eta EHGAM-eko ordezkariek bat egin dute gehiengo sindikalak martxoaren 27rako deitu dituen mobilizazioekin.

Eragile sozialetako ordezkariek jomugan ez daudela pentsioak bakarrik, gogoratu dute. Krisitik irteteko sakrifizio gisa erreforma laboral gogorra egiteko mehatxua bota dute, salatu dute.

Era honetan, gobernu espainolak kaleratzearen kostu erreala merkatu, enpresek bilatzen duten malgutasuna areagotu, negoziazio kolektiboa zentralizatu, eta ABLEen zein enplegu-bulego pribatuen negozio aukera zabaldu nahi dituela, adierazi dute.

Eragile hauen aburuz, ezarri nahi dituzten erabakiek emakumeen, gazteen eta immigranteen egoera are gehiago okertuko dute, bai enpleguari, bai babes sozial eskasari dagokionez. Hartara, lanaldi partzialeko kontratua emakume gehiagok izatea nahi dute; honek beren ahalmen ekonomikoa eta pentsio bat jasotzeko aukerak murriztuko ditu. Gainera, gazteentzako enplegu gero eta prekarioagoa nahi dute, eta edonoren eskubide laboral zein sozialak mugatu nahi dituzte, batik bat immigranteen kalterako.