Hainbat mobilizazio egin dira emakumeek bizi duten diskriminazioa salatzeko

2011/03/08
Emakume Langileen Eguna dela-ta, gehiengo sindikalak deituta manifestazioak egin dira Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostian emakumeen egoera salatzeko. Manifestazioetan ehundaka pertsona elkartu da.

Berdintasuna izatetik urrun direla oraindik emakumeak, adierazi du Bilbon Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoak. Era honetan, lan arloan ematen ari den diskriminazioa salatu du.

Bestalde, pentsioen murrizketak eragin handiagoa izango duela emakumeen artean, azpimarratu du. Izan ere, prekaritatea emakumeen artean gizonezkoenean baino handiagoa da.

Emakume askori eragotzi egingo dio pentsioa jasotzeko eskubidea, edo izatekotan ordain barregarria eskainiko dio. Erreformarekin, 67 urte eduki arte lan egin nahi ezean, 65 urterekin erretiroa hartzeko 38,5 urte kotizatu beharko dira. Erretiro aurreratua eskatzeko 33 urteko kotizazio aldia osatu beharko da. Pentsioaren %100 kobratzeko 37 urtez kotizatu beharko da. Bestalde, lanaldi partzialean diharduten emakumeek, aldi baterako kontratuz ari direnek, pertsonak zaintzen ibili direlako kotizazio aldian hutsarteak dituztenek eta ezkutuko ekonomian ari direnek ez dituzte baldintza horiek beteko.