greba orokorra

Hamaika eragile eta mugimendu sozialek bat egin dute M17arekin

2026/02/18
Hamaika eragile eta mugimendu sozialek bat egin dute M17arekin
1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin bat egin dute eta bestelako aldarrikapen sozialei tokia eman diete.

Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial, kolektibo eta eragilek gaur jakinarazi dute bat egingo dutela datorren martxoaren 17ko greba orokorrarekin. Helburua argia da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea.

Gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak ez du bermatzen bizitza duinik. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak dira, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean.

Eragileek irakurri duten manifestuan salatu dute egungo krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoaren testuinguruan pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari direla, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari dela. Egoera horren aurrean, bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrak asetzeko adinako diru-sarrerak bermatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, herri honen gizarte-justizia eta burujabetza indartzeko bidean.

Hau horrela izanda, haien aldarrikapenak ez dira soilik soldaten aldeko borrokara mugatzen. Azpimarratu dute greba orokor oro politikoa dela eta beste proposamen sozialek ere espazioa izango dutela martxoaren 17an: genero arrakala ezabatzea; jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio ororekin amaitzea; aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitza hobetzea; zerbitzu publikoen defentsa; jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea; pentsio eta prestazio sozialen hobekuntza; euskararen eta erabakitzeko eskubidearen defentsa; edota lan prekaritatearen aurka borrokatzea. 

Era berean, azpimarratu dute egungo zaintza sistemak duen egitura klasista, arrazista eta patriarkala. Gogoratu dute zaintza eta etxeko lanetan diharduten langile askok —gehienetan emakumeak eta pertsona migratu edo arrazializatuak— prekaritate baldintzetan jarduten dutela, maiz dagozkien soldatak jaso gabe eta gehiegizko lan-orduak eginez. Horren aurrean, lan harreman justuak sustatzeko eta zaintza lanari aitortza, balioa eta baldintza duinak emateko beharra aldarrikatu dute.

Modu honetan, mugimendu sozialek dei egiten diete langileei, ikasleei, pentsiodunei eta herritar guztiei martxoaren 17an greban parte hartzera eta deitutako mobilizazioetan kalera ateratzera. Adierazi dutenez, “egoerari erantzuteko garaia da. Antolakuntza eta mobilizazioa dira bide bakarra lan eta bizi baldintza duinak lortzeko”. Horregatik, martxoaren 17an kaleak eta lantokiak hutsik uztera eta plazak betetzera deitu dute.

Irakurri hemen manifestua