Hauteskundeen atarian (Prentsa agiria)

2004/06/02

Herritarren Zerrendaren ilegalizazioari buruz zenbait sindikatuk atzo egin zuten bilera eta beronetan aztertu ziren ekimenak direla-eta, honakoak adierazi nahi ditugu:

  1. ELAk zilegi ikusten ditu HZ legez kanpo uztea salatzeko foro sindikal horrek bultzata lan mundutik egin daitezkeen ekimenak. Halere, sindikatuak beti egin izan duen bezala, argi eta garbi hauteskunde-garai eta -testuinguruaren arabera deitutako ekimenetan parte ez hartzeko ibilbideari eutsi behar diola ere uste du ELAk. HZk eta goian aipatutako bileran parte hartu zuten sindikatu batzuk ere bazuten ELAren jarrera honen berri; hain zuzen, HZk ELArekin hainbat bilera egin baitu (azkena aste honetan).

  2. ELAk berriro adierazi nahi du HZ hautagai-zerrenda legez kanpo uzteko erabakia arbuiatu egiten duela, eta salatu egiten du oinarrizko eskubide zein askatasunen aurkako erasotzat. Beraz, HZ bozkatzeko aukera demokratikoki beste edozein alderdiri botoa ematea edota botorik ez ematea bezain zilegi dela irizten dio.

  3. Azkenik, ELAk argi utzi nahi du ez duela ezein alderdiren aukera egiten, ez sustatzen; beraz, hauteskunde prozesuan bere izena erabiltzeak sindikatuaren babesik ez dauka.