Hegaluzearen kanpainan ia kontrolik ez dela izan salatu dute ikuskatzaileek

2022/10/28
Kantauri itsasoan hegaluzearen kanpaina amaitzeko gutxi falta da. Bada, aurten iaz baino %60 ikuskapen akta gutxiago egin dira EAEn. Akten kalitatea ere eskasa izan da: ikuskapenaren helburuen aukeraketa ez da egin arriskuen azterketa batean oinarrituta, Europako estandarrek eta Espainiako Arrantza Ikuskaritzako Plan Orokorrak hala eskatzen badute ere. Ondorioz, ez dute lehentasunik izan arauak hausteko aukera gehiago duten arrantza ontzien ikuskapenek. ELAk beste behin salatzen du Espainiar Gobernuak arduragabekeriaz jarduten duela arrantza ikuskatzaileekin, euren lana gutxietxiz. Gainera Ministerioari eskatzen dio ikuskatzaileen lana aitortu eta neurriak jarri ditzala zerbitzua eraginkorra izan dadin ikuskarien lan baldintzak errespetatuz.

Gainera, programatutako ordutegien barruan iritsi edo deskargatu diren itsasontziak aukeratu dira eta askotan horiek ere ez dira ikuskatu aurreikusitakoa baino beranduago iritsi direlako, esaterako. Ondorioz, aurten ez da antzeman inolako arau hausterik (iaz antzemandako arau hausteeen %90 aurten ezarritako ordutegietatik kanpo lehorreratutako itsasontzietan gertatu ziren, bereziki arraste flota pelagikoa erabiltzen dutenetan)

Ildo horretan, arrantza sektorea kezkatuta dago ez direlako behar bezala kontrolatzen Euskal Herrian porturatzen diren Frantziako eta Irlandako arrastre ontzi pelagikoak. Sortzen duten sarraski naturala eta merkatu lehiakideak direla kontuan izanik, kontrolak beharrezkoak dira bereziki halako itsasontzietan. Baina, koltrol ordutegietatik kanpo geratu dira.

Era berean, ikuskatzaileen antolaketa berri honek zerbitzuak eraginkortasuna galtzea ekarri du. Izan ere, nahiz eta ikuskatzaile kopurua handitu, ez direlako ikuskapenak flotaren jarduera ordutegiak kontuan hartuta egiten. Gainera, arrantza ikuskatzeko lanak egiten dituzten beste zerbitzu batzuekiko koordinazioa ere kaltetu da. Bereziki larria da Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuarekin ontziratzeko zailtasuna, Ministerioak lankidetzako esparru akordioa baitu harekin.

Zifra horiek Arrantza Ikuskatzaileen programazioak arautzen dituen Lanaldi eta Ordutegien Jarraibidea aplikatzearen ondorio zuzenak dira. Instrukzio hori 2011n sartu zen indarrean, eta onartu egin zen, ikuskatzaileek eta sindikatuek negoziazio fasean erabat baztertu bazuten ere. Izan ere, lanaldiak modu zurrunean arautzen ditu, zerbitzua arrantza jarduerara egokitzeko aukera ematen duen prestasun batean oinarrituta kudeatu beharrean, eta ikuskatzaileen iritzia entzun gabe.