Hego Euskal Herriko BEG emisio murrizketa kaskarrek EAE eta Nafarroako gobernuen utzikeria erakusten dute

2022/04/22
Azken hamarkadan EAE eta Nafarroan ez da emisio murrizketa esanguratsurik izan. IPCCren azken txostenak dio azken hamarkada izan dela historian emisio gehien erregistratu dituena eta Hego Euskal Herria ez da salbuespen bat. Nahiz eta politika publikoek klima aldaketaren aurka egiten dutenaren propaganda ugari jaso, benetako egoerak argi erakusten du aurrerapenik eza. Ez dute klima aldaketa eragiten duen garapen eredua kolokan jartzen, ez eta sistema eraldatzeko neurri eraginkorrik hartzen.

Gobernuen hitzetatik haratago, datuek erakusten dute Europar Batasunak ezarritako murrizketak betetzetik oso urrun dagoela errealitatea. 2020rako %20a murriztu behar zen, baina EAEn %11 jaitsi dira eta Nafarroan %40 igo. Hurrengo urteetarako hartutako konpromisoak are eta zorrotzagoak dira: 2030erako %55 murriztu behar dira. Orain arteko joera eta neurri eskasekin jarraitzen bada, helburu hau ere ez da beteko.

ELAk Hego Euskal Herriko berotegi efektuko gasen (BEG) datuak bildu ditu txosten batean (atxikita). Bertan egoeraren larritasuna adierazten duten datuen irakurketa eta hartu beharreko neurriak proposatzen ditu.

Sektore ekonomikoei dagokienez, energia sektorea, garraioa eta industria dira BEG gehien igortzen duten sektoreak, eta beraz, eraldaketa azkarrena behar dutenak. Besteak beste, kontsumo energetikoa murriztea, energia berriztagarrietan oinarritzea, sistema energetiko deszentralizatua bultzatzea, ekonomia birkokatzea eta industria irizpide ekologikoekin eraldatzea eta sektore jasangarriak bultzatzea exijitzen dugu.

Hego Euskal Herriko politika publikoetan ez dugu aldarrikatzen dugun eredu aldaketarik ikusten. Enpresa pribatuek bultzaturiko proiektu eta azpiegitura handiak dira egunero bultzatzen dituztenak, eredu suntsitzaile hau iraunarazten dutenak. Bidezko trantsizio ekologiko bat behar dugu, justua eta demokratikoa, inor kanpoan utzi gabe, gizartearen mesederako egingo dena. Horregatik, ELAk ez du utziko trantsizio hau langileen kontura modu bidegabean aurrera eraman dezaten.

Irakurri dokumentu osoa: