Ingurumena
Hego Euskal Herriko ekonomiak berebizikoa du bidezko trantsizio ekologiko bat
Gure ekonomiak material berriztaezinen digestore handi batek bezala funtzionatzen du: lurraldetik kanpo datozen erregai fosilak eta mineralak manufakturatu, eta berriz ere mugaz kanpo esportatzen ditu. Ekonomiaren oinarrian industria ekoizpena eta garraioa daude. Gainera, gehien fakturatzen duten jarduerak balio erantsi handiko salgaiak ekoizteko lehengaien enpresak (automobilak, altzairuak…), elikagai industriak, logistika globalizatuaren menpekoak eta energia intentsitate handikoak dira. Iraganean mundu mailako lehiakortasunean arrakastatsu bihurtu gintuzten elementuek, gaur espazio hauskor bilakatu gaituzte.
Enplegu gehien sortzen dituzten sektoreak ez dira sektore iraunkorrenak. Desazkundearen ekonomia gai da enpleguak sortzeko, adibidez, hondakinen kudeaketan, garraio kolektiboan eta elikagaien ekoizpenean. Baina gaur egun, lotura sakona dago enplegua sortzearen, hazkunde ekonomikoaren eta inpaktu ekologikoaren artean. Industria sektorean badago lotura handia, gainera, energia kontsumoaren eta okupazio tasaren artean. Eta petrolioaren mendeko garraioa ezinbestekoa du sektore horrek, eta oso energia kantitate handiak erabiltzen ditu. Garraioa ezinbestekoa da nazioarteko ekonomia lineal batentzat. Eta elikagaien industrian, energia eta material kontsumoari ingurumen eragin handiak gehitu egin behar zaizkio.
Arlo sozioekonomikoan aldaketarik egin ezean, energia eta materialen erabilera murrizteak lanpostu asko suntsituko lituzke eta langile klaseari arazo larriak ekarriko lizkioke horrek. Hego Euskal Herriko ekonomiak erronka handi bati egin behar dio aurre: zaintza lanak aitortzea, egiten diren lan guztien artean (produktiboa eta erreproduktiboa) pisu gehien duena baita. Hala ere, ezkutatuta eta feminizatuta dago sektorea.
Baina posiblea da egungo egitura ekonomikoa mantentzea sakoneko aldaketarik egin gabe? Erantzuna begi bistakoa da: ez da posible.
Muga asko ditugu:
- 1. Planetaren mugak: erabilitako material gehienak ez dira berriztagarriak eta eskuratzea gero eta zailagoa da. Gas, petrolio eta ikatzaren erauzketak goia jo du. Eta beste horrenbeste gertatzen da ekonomiaren biziraupenerako ezinbestekoak diren beste material askorekin, hala nola: kobrea (elektrizitatea), fosforoa (elikagaien ekoizpena), teluroa eta zilarra (elektronika, energia berriztagarrien kaptadoreena barne), plastikoa...
- 2. Energia berriztagarriek ezin dituzte fosilak ordezkatu: erregai fosilak eta iturri nuklearrak ezin dira goi teknologiako berriztagarriekin ordezkatu. Berriztagarrien ezaugarriak energia fosilen kontrakoak dira. Energia oso sakabanatuta dago, eta ezin da biltegiratu.
- 3. Kapitalismoak ezin du zirkularra izan: material urrienak ordezkatu egin beharko lirateke betiko berrerabili ahalko liratekeen beste batzuekin. Hori oztopo gaindiezin bat da egungo sisteman. Adibide gisa, smartphone baten barruan dauden 50 metalak ordezkatzea ia ezinezkoa da.
Hego Euskal Herriko ekonomia, nahitaez, sakonetik eraldatu beharko da eta, erronka hauei aurre egiteko, lana bizitza sostengatzeko bitarteko gisa ulertu beharko genuke, ez kapitala erreproduzitzeko bitarteko gisa.
Eraldaketa hau antolatzea gizarteak ahalik eta gutxien sufrituta oso konplexua da. Zer esanik ez gizarte justu, demokratiko eta jasangarrietarako bideak irekitzen ditugun bitartean. Eraldaketa honetarako, autonomia soziala eraikitzea ezinbestekoa izango da. Herritarren beharrak merkatutik pasatu gabe ase behar dira; hots, desmerkantilizazioan aurrera egin behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da zerbitzu publikoak indartzea, herritarrei beren osasun, hezkuntza eta bestelako beharrak betetzen laguntzeko. Ezinbestekoak dira, baita ere, aberastasunaren banaketa eta enplegua banatzeko lanaldia murriztea.
Gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriagorantz aurrera egiteko desazkundearen alde apustu egitea da ELAk hartu behar duen bidea. Ezin da enplegua galtzearen edo suntsipen kapitalistaren artean aukeratu. Lan eskubideak eta bizitzarekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak bateratuko dituzten trantsizioak bultzatu behar ditugu, borroka eta negoziazio kolektiboaren bitartez.