AZTERKETA BULEGOKO TXOSTENA

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ez dago 600 eurotik behera etxebizitza bizigarri bat alokatzeko aukerarik, batez besteko soldataren %30 dena

2023/06/20
ELAren Azterketa bulegoak Etxebizitza Hego Euskal Herrian: eskubide bat merkatuaren menpe txostena aurkeztu du gaur; bertan egungo egoera aztertu, eta bizileku duina izateko eskubidea bermatzeko proposamenak jaso dira. Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea Estatuko 10 garestienen artean daude. ELAk salatu du 70.000 bizitza hutsik daudela.

IRAKURRI AZTERKETA BULEGOKO TXOSTENA

Etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa da. Etxea erosteko eta alokatzeko prezioak etengabe hazten ari dira, atzera ere burbuila bat sortu da logelen alokairuarekin, iazko 1.000 etxegabetzeak ere hor daude, turistifikazioaren izurria edota etxerik gabe dagoen gero eta jende kopuru handiagoa ere arazo, besteak beste. Bada, argazki hori jaso du ELAko Azterketa Bulegoak 'Etxebizitza Hego Euskal Herrian: eskubide bat merkatuaren menpe' txostenean, eta arazoari aurre egiteko proposamenak ere jaso ditu bertan.

Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduradunak esan duenez, “espainiar Estatuko etxebizitza lege berriak, baita EAEko zein Nafarroako legeak ere, merkatuaren logikaren baitan daude, eta ez dute bermatzen etxebizitza izateko eskubide subjektiboa”. Izan ere, Novalek dio ez direla aski gero eta handiagoa den arazoari erantzuteko. “Errenten igoera mugatu da, baina horrek prezioetan ia ez du eraginik izango, maximo historikoetan baitzeuden jada”.


Hipotekak eta alokairua, ezin garestiago


Aitor Murgia dossierraren egileak nabarmendu duenez, “Hego Euskal Herriko hiriburuak espainiar Estatuko 10 garestienen artean daude; Donostia da garestiena, metro koadroko 5.152 euroko prezioarekin”. Horri erantsiz gero Europako Banku Zentralaren interes tasa igoera etengabea, jada %4ean kokatu dena: “EAEn batez besteko hipoteka urtean 3.500 euro ere garestitu liteke”.

Murgiak aipatu du, gainera, “alokairuen prezioak etengabe igotzen” ari direla, jendeak bizileku bat errentan hartzeko gero eta ahalegin handiagoa egin behar du. “Hego Euskal Herriko hiriburuetan ia ez dago aukerarik batez besteko soldataren %30 erabiliz etxe bat errentan aurkitzeko”. Ondorioz, gazte eta migrante askorentzako emantzipatzeko aukera bakarra etxebizitza partekatzea da. Alokatzeko etxeen eskaintza urria denez eta gela solteak gero eta gehiago eskatzen direnez, kasu askotan prezioak hilean 1.000 eurotik gora daude. “Beraz, ez da harritzekoa gazteen emantzipatze adina ia 30 urtekoa izatea”.

Bestalde, Leire Gallego ELAko Ekintza Sozialeko arduradunak salatu du 70.000 etxebizitza daudela hutsik; bitartean, jende askok ezin du emantzipatu, ezta etxerik lortu ere. “Hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialean eskaintzen den kopuruaren bikoitza dira”, ohartarazi du Gallegok. Aipatu duen beste auzi bat da etxegabetzeena; urtean ia mila izan ohi dira. Hala ere, komunikabideetan gehiago nabarmentzen dira okupazioak. “Okupazioak, batik bat etxean bortxaz sartzearekin batera gertatzen direnak, oso arazo bakana dira Hego Euskal Herrian”. Gallegok azpimarra jarri nahi izan du bestelako arazoetan, hala nola, hirien turistifikazioan, ohiko erabilerarako bizilekuei tokia hartzen doana, edota etxerik gabeko jendearen errealitatea: “azken hamar urteetan aterperik ez duen jende kopurua bikoiztu egin da, eta horietako %72 migranteak dira”.

Azkenik, Novalek adierazi du etxebizitza politiken eredua aldatzea posible dela, Ipar Euskal Herriko Alda mugimendu herritarraren adibidea aipatu du: hiru urte eskasean hobekuntza handiak lortu ditu, esaterako, erabilera turistikorako bizilekuen konpentsazioa, edota etxebizitza sozialetako maizterren hauteskundeetan lortutako garaipena. “Gizarteak aurrera egiten du, hein handian, mobilizazio sozialari eta horrelako erakundeei esker, horien borrokarik gabe klase politikoak ez bailuke legegintza berdin egingo”.

Hain zuzen, ELAren proposamenak honakoak jasotzen ditu: “legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea eta ez salerosketa, errentak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak derrigor alokairura bideratzea, etxegabetzeak geldiaraztea, etxebizitza turistikoak mugatzea eta kontrolpean jartzea, eta etxebizitzarako gastu publikoa BPGaren %2raino handitzea. Hau da, etxebizitza ondasun sozial gisa ulertzea, ez espekulatzeko ondasun gisa”.