Arabako eta Bizkaiko ehungintza eta oinetakoen sektorea
Hego Euskal Herriko lurralde hitzarmenen nagusitasuna aldarrikatzeko ARTEren aurkako grebak jarraipen handia izan du

Ehungintzaren sektoreko marka handiek (Inditex, H & M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark, besteak beste) osatutako ARTE patronal berriak ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzako marka handien Estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa sustatu zuen 2023ko uztailean. Harrezkero, hainbat negoziazio-bilera egin dira, eta ELAk lurralde-eremutik eta eremu funtzionaletik kanpo uztea eskatu du. Gainera, orain arte greba egun ugari egin dira, eta Hego Euskal Herriko sektoreko denda asko itxi egin dira.
Gaur, berriz ere, Arabako eta Bizkaiko ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileak kalera atera dira, Hego Euskal Herrian hitzarmen probintzialak aplikatzen jarrai dezaten aldarrikatzeko. Uda baino lehen, ELA zuzenean egon zen harremanetan ARTE patronalarekin, eta nahiz eta bazirudien negoziatzen ari diren Estatuko hitzarmenetik kanpo uzteko asmoei erantzungo zitzaiela, azken unean enpresak atzera egin zuten. Horregatik, sektoreetako langileek kaleak hartzen dituzte berriro.
Sektoreko marka handietako langile askok grebarekin bat ez egiteko presioak jaso dituzten arren, langileen ezinegona nagusitu da, uztailean gertatutakoagatik, eta horregatik jarraipena zabalagoa izan da Arabako eta Bizkaiko greba egun berri honetan. Langileak kalera atera dira berriro ARTEri Estatuko hitzarmen hau ez aplikatzeko eskatzeko. Jarraipena oso zabala izan da, dozenaka dendek pertsiana bota dute eta beste askok itxiera partzialak edo langile oso gutxikin irekiko dituzte dendak.
Hego Euskal Herrian ARTE patronalaren estatu-hitzarmena aplikatzearekin batera, sektoreko langileen lan-baldintzak ere jokoan daude, eta ez lan baldintzak bakarrik, baita probintzietako hitzarmenen negoziazio bera ere. Beraz, langileak irmo daude eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dute ARTE patronalak Estatuko hitzarmenetik kanpotik egon arte.