Enplegu datuak
HEHk 42.200 pertsona okupatu galdu ditu hirugarren hiruhilekoan

HEHn okupatutako pertsonen kopurua 42.200 pertsona murriztu da 2024ko hirugarren hiruhilekoan. Enpleguaren beherakada hori EAEn gertatu da, 41.800 landun gutxiago egon baitira; Nafarroan, berriz, landunen kopurua mantendu egin da. Emakumeen artean 19.500 landun gutxiago izan dira, eta gizonen artean 22.900 gutxiago. Inkestaren arabera, 1.285.000 landun daude, hau da, urte batetik bestera 12.500 pertsona gutxiago. Zerbitzuen sektoreak bultzatu du enpleguaren beherakada (-35.400). Industriak ere balio negatiboak izan ditu (-5.600), baina urte arteko zenbaketak emaitza positiboa lortu du, 6.400 landun gehiagorekin. Eraikuntzak eta nekazaritzak zifra negatiboak dituzte, bai hiruhileko arteko saldoan, bai urte artekoan.
Kontratuen behin-behinekotasun-tasari erreparatzen badiogu, ikusten da ia ez dela mugitu azken hiruhilekoan. Tasa %20tik %19,1era baino ez da jaitsi. Garrantzitsua da adieraztea tasa hori 4,5 puntu baino ez dela murriztu 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute; izan ere, behin-behinekotasun tasa %24,3koa da, gizonen %14,1en aldean. Gainera, egoera horrek azken hiruhilekoan okerrera egin du. Emakumeen behin-behinekotasuna %1,1 hazi da; gizonena, berriz, %2,7 murriztu da. Azpimarratzekoa da sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen duela, batez ere EAEn, %45,1era iristen baita.
Langabeziak datu positiboak izan ditu hirugarren hiruhilekoan. 106.200 langabe egon dira Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 8.400 gutxiago. Beherakada hori batez ere gizonen (-7.400) eta gazteen (-4.000) artean gertatu da. Langabeen kopuruak behera egin duenez, langabezia-tasa %7,6ra jaitsi da ( %7 emakumeen artean eta %8,2 gizonen artean). Adierazi behar da langabeziaren beherakada biztanleria aktiboaren beherakadak ere eragin duela, 50.600 pertsona aktibo gutxiago daude. Azkenik, gazteen egoera prekarioa aipatu behar da, gazteen langabezia-tasak balio oso altuetan jarraitzen baitu ( %24,3 EAEn eta %22,2 Nafarroan).
Datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. Langabeziak behera egin duen arren, landunen kopurua modu kezkagarrian jaitsi da. Gainera, prekarietateak bere horretan jarraitzen du. Behin-behinekotasunak, partzialtasunak eta langabeziak kolektibo kalteberei eragiten die.