Heldu zerbitzuaren desagerpenak arazoak areagotu dizkiete inmigranteei

2010/10/14
ELAren iritziz, Heldu zerbitzua berriro eratu behar da, baina Jaurlaritzaren menpeko zerbitzu publiko gisa, egoera irregularrean dauden etorkinei arreta eman, eta beste aholku mota batzuk gehitzea: egoera irregularrean sartzen diren immigranteentzat, bildu nahi duten familientzat, baimenak berritu eta nazionalitateari buruzko kontuak, etab.

Heldu zerbitzuak egoera irregularrean dauden etorkinei aholkularitza juridikoa eskaintzen zien. Berezia zen, egoera konplexuei erantzun behar baitzien. Zerbitzua 2002an eratu zen, eta arlo publikoak betetzen zuen hain beharrezkoa den egitekoa; ELAk uste du hau dela bide egokia. Halere, Eusko Jaurlaritzak joan den uztailaren 15ean Heldu itxi egin zuen, alde bakarreko erabakiz, inori horren berri emateke, eta eztabaida demokratiko, politiko edo sozialik gabe.

Heldu ixteak ondorioak ditu:

  • Egoera administratibo irregularrean daduden etorkinei ematen zitzaien arreta juridikoko zerbitzu publiko bakarra bertan behera geratzea. Zerbitzua ondo ari zen lanean, eta hainbat sektorerentzat erreferentzia zen: etorkin jendea, gizarte-taldeak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, udal eta mankomunitateetako teknikariak, sindikatuak eta bestelako erakunde sozialak.
  • Gizarteko hainbeste arlotan ospe ona zuen zerbitzu antolatu eta egituratu bat kentzea. Helduk itxi zuten unean esku artean 34.000 espediente zituen, esperientzia duten profesional talde bat zeukan, atzerritar kontuetan aditua: Kezka berezia duen taldea, engaiatua, eta etorkinen beharrizan konplexuetarako zerbitzu egokia bermatzen zuena: banakako tratua eta aholkua.

I- EUSKO JAURLARITZAREN AITZAKIA FALTSUAK

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte-gaietako sailburuak, Fernando Fantova Gizarte-gaietako sailburuak eta Miguel Angel Gonzalez Immigrazioko zuzendariak Heldu ixteko bi argudio eman dituzte:

  1. Helduren ordez ipiniko duten zerbitzua ez omen da hura baino okerragoa izango.
  2. Heldu enpresa pribatu batek kudeatzen omen zuen, eta zerbitzua administrazioak berak ematea nahi dute.

Ezin da esan zerbitzua okerragoa izango ez denik. Helduk emandako zerbitzuari alternatibak eskaintzean Jaurlaritzak, Zabaleta sailburuaren bitartez, aldioro gauza desberdinak esan ditu. Batzutan, beharrizan juridiko horiek Lanbidek eta gizarte-zerbitzuek hartuko zituztela beren gain; bestetan, lan hori doako telefonoz eta posta elektronikoz egingo zela. Beste noizbait Zabaletak esan du ere hitzordu sistema ezarriko dela, eta azkenik, Biltzenek hartuko duela ardura, hots, Immigrazio zuzendaritzako beste zerbitzuak, zeinak integrazioa eta bizikidetza soziokulturala jorratzen dituen. 

Heldu itxi eta hiru hilabete igarota, immigranteek ez daukate zerbitzurik, eta Jaurlaritzak behin eta berriz dio eredu berria etortzear dela. Dakigunez, Sailak kanpoko abokatu bat besterik ez du kontratatu, hiru hilabeterako. Honi erantsi behar zaio EDE Fundazioak lan-poltsa bat ireki duela “immigrazioko teknikari juridiko” izeneko hiru lanpostu betetzeko; hauek Biltzenentzat egingo dute lan.

Hortaz, badirudi Heldun lan egiten zuten atzerritarren zuzenbideko hamabi adituen ordez lau lagun jarriko dituztela, eta honek zerbitzua nabarmen murrizten du.

Ez da egia ere zerbitzua administrazioak berak eman nahi duenik. Heldu enpresa pribatu batek kudeatzen zuen; honi ELAk ez zion ongi irizten. Baina kanpoko abokatua ere pribatua da. Eta Biltzen ez du administrazioak kudeatzen. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzarekin loturarik ez duen enpresa pribatu batek kudeatzen du, Suspergintza Elkarteak; berau EDE Taldean dago, eta jatorria EDE Fundazioan du.

EDE Fundazio Kanonikoa Heldu zeraman enpresa bezain pribatua da. Enpresa pribatu batek hartuko du beste haren tokia.

Beraz, gezurra da administrazioak berak zerbitzu publikoa eman nahi duela, Gizarte-gaietako Sailetik hau sinestarazi nahi badigute ere.

Dena dela, deigarria da Enplegu eta Gizarte-gaietako Sailak zenbateko interesa duen EDE Fundazioa indartzeko; honek lehenago ere administrazioari dagozkion egiteko batzuk betetzen zituen. Agian Fernando Fantova sailburuordeak Jaurlaritzara iritsi baino lehenago Fundazio horrekin harreman luze eta estua izan zuelako? Nolanahi ere, Heldu kudeatzen zuen enpresaren ordez EDE Fundazioa jartzeko argudioak ez dira egiazkoak.

II- ELAREN ONDORIOZTAPENAK ETA EXIGENTZIAK

Ondorioztapen argiak lortu ditu ELAk:

  • Heldu ixtea oso erabaki larria da, egoera irregularrean dagoen biztanleria immigranteari      –gizarteko sektorerik ahulenari, alegia– kendu egiten baitio zerbitzu berezi eta beharrezko bat.
  • Eusko Jaurlaritzak gezurra esan du erabakia azaltzean: Helduk eskaintzen zuen antzeko zerbitzurik ez da izango aurrerantzean, eta kudeaketa publikoa ere ez da bultzatzen.
  • EDE Fundazio Kanonikoari egiten diote mesede, eta horrekin Fernando Fantova sailburuordeak lotura estua izan du.

Hori dela-eta, ELAk hau exigitzen du:

  • Zerbitzu publikoak indartzea, eta administrazioak berak kudea ditzala. Hain zuzen, kasu honetan Heldu zerbitzua berriro eratu behar da, baina Jaurlaritzaren menpeko zerbitzu publiko gisa, egoera irregularrean dauden etorkinei arreta eman, eta beste aholku mota batzuk gehitzea: egoera irregularrean sartzen diren immigranteentzat, bildu nahi duten familientzat, baimenak berritu eta nazionalitateari buruzko kontuak, etab.
  • Argitu egin behar dira Gemma Zabaletaren eta Fernando Fantovaren ardura politikoak, Heldu ixteko gezurrezko argudioak ematen baitituzte, hain beharrezko den zerbitzua etenda uzten dutelarik.