Herri-administrazioko langileak babestuago, ELAk irabazi duen epai bat dela eta

2007/02/21
Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren epaiak arrazoia eman dio ELAri, aldi baterako kontratazio-zerrendako langile baten kasuan. Izan ere, Osakidetzak lan egitera deitu zion, baina erditu ondorengo sei asteetako bajan zegoela jakitean, ez zuen kontratatu eta zerrendako hurrengoari deitu zion.

Epai hori itzal handikoa da emakumeentzat. Haietako askoren lana prekarioa denez, aldi baterako kontratazio-zerrendetan daude izena emanda, eta auziaren gaia ez dago jasota herri-administrazioen aldi baterako kontratazio-arauetan.

Oraingo honetan emakume langilea psikiatra da, aldi baterako kontratazio-zerrendetan zegoen, eta lan egitera deitu zioten, eskaintza onartu zien; baina artean amaitu gabe zeukan erditu ondoko sei asteko baja. Sei aste horien atsedenaldia nahitaezkoa denez amarentzat, Osakidetzak, kontratatzeko aukerarik ez zuelakoan, zerrendako hurrengo langileari deitu zion.

Auzitegi Nagusiak dioenez, Osakidetzaren jokabidea Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren aurkakoa da, eta baita legeria orokorraren aurkakoa ere; ezin baitira emakumeak diskriminatu enpleguan, ez sartzean, ezta geratzean ere, amatasuna dela-eta. Horri dagokionez, epaiak honela dio:

“...Administrazioak Langileen Estatutuaren 48.4 artikulua betearazi nahi izan du, baina ez du gogoan izan norbanakoaren askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izateko baldintzak lortzeko eta horretarako dauden oztopoak kentzen saiatzeko betebeharra (EK 9.2 art.); zehazkiago esanda, amatasun-bajan dauden emakumeen laneratzeko eskubidea ziurtatzeko betebeharra ahaztu du.

Ildo horretatik, epaiak jarraitu du argudiatzen legeak emakumeari agintzen dion 6 asteko atsedenaldia, nahitaezkoa dela, eta osasuna zein lanpostua gordetzeko dagoela; eta horregatik, haren mesedetan jarri dena ezin dela kaltetan erabili, diskriminazioa egiteko. Eta hori gertatu da, hain zuen, oraingo kasu honetan: Osakidetzak, nahitaezko atsedenaldiaz baliatuz, uko egin dio eske-egileari legez zegokion enplegua.

Azkenik, epaian esaten denez, Administrazioak ez luke inolako lege-oztoporik izango lanpostua betetzeko; zeren, sei asteko nahitaezko atsedenaldiak dirauen artean, bajako langilea beste batekin ordeztu dezake; hori bera egingo bailuke, behin lanean hasita gaixotuko balitz: “...nahitaezko atsedenaldian dagoen emakumeak eskaini den lanpostua hartzeko eskubiderik onena baldin badu, ezin zaio atsedenaldiko bajan egoteagatik baztertu; lanpostu bat bitarteko moduan betetzera deitu zaion langilea ere, gerora etorritako baliaezintasunagatik, baztertzerik ez dagoen bezala, eta behin alta emanda, ezin izango zaio lanera sartzeko eskubidea ukatu, beti ere noski izendapenak indarrean badirau.”