Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari zerga-politika alda dezala eskatu dio ELAk

2014/02/11
Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari zerga-politika alda dezala eskatu dio ELAk
Mikel Noval ELAko gizarte-politikako arduradunak esan du “ostegun honetan berriro Eusko Jaurlaritzak eta Foru-Aldundiek Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera alferrik galduko dute, ez baita zerga-politikari buruz sakoneko eztabaidarik izango.”

Novalen ustez, bileraren inguruan ezagutzen diren eztabaidagaiek agerian uzten dute zerga-politikari ez zaiola serio heltzen. Adibidez, “kontua ez da lehiatzea erabakitzeko Eusko Jaurlaritzari zein lurraldek egin behar dion ekarpenik handiena balantzeak eguneratzeagatik. Gai honen mamia beste bat da, hain zuzen, balantzeen eguneratzea lotsagarria dela; izan ere, Iberdrolak 2013an Sozietateen Zergan 326 milioi ordaindu baititu, baina datozen urteetan 1.500 milioi barkatuko zaizkiolako. Balantzeen eguneratzea ez zen onartu behar, eta hor dago gakoa”. ELAk salatu egin du arau hau EAEko hiru lurraldeetan erabaki izana.

Beste adibidea opor fiskalak ditugu. “Badirudi ostegunean eztabaidatuko dutela aldundi bakoitzak isunaren zein zati ordaindu behar duen. Aldiz, ELAk eskatzen du ardura beren gain har dezatela propio erabaki zutenek Europako aginduak saihestea, enpresek zor zutena ordaintzeko”; honi buruz ELAk iragarri du demanda bat sartuko duela auzitegietan. Gainera, Novalek galdegiten du eztabaida dadila “nondik aterako den ordaindu beharreko zenbatekoa kitatzeko dirua; ELAk bere garaian esan zuen Sozietateen gaineko Zergan gainkarga berezi bat ezarri beharko litzatekeela.” Haatik, nonbait gai hau ere ez dago ostegun honetako bileraren agendan.

Azkenik, ELAko arduradunak adierazi zuenez, “ezinbestekoa da indarrean dagoen sistema fiskalaren opazitatea amaitzea. Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak gardentasunik ez dute nahi, horrela zerga-sistema injustu bat ezar baitezakete soldatapeko ez diren errentetan, errenta handiei eta kapitalari pribilegiozko tratu fiskal onartezina emanez. Honetaz hitz egin beharko lukete ostegunean, baina antza lurralde arteko eztabaida antzuekin distraitu nahi gaituzte”.