Herri omenaldia Mikel Zabalzari Orbaitzetan eta Garraldan

2015/11/21
Herri omenaldia Mikel Zabalzari Orbaitzetan eta Garraldan
Gaur eguerdian herri omenaldia eskaini zaio Orbaitzetan eta Garraldan Mikel Zabalzari. Izan ere, azaroa honetan 30 urte bete dira Zabalza atxilotua izan eta bere hilotza Bidasoa ibaian agertu zenetik. ELAren ordezkaritza zabal batek parte hartu du omenaldi ekitaldi hauetan.

1985. urteko azaroaren 26an Espainiako Guardia Zibilak hainbat lagun atxilotu zituen Donostian, Errenterian eta Orbaitzetan. Atxilotuen artean Mikel Zabalza gaztea zegoen, Donostiako Tranbiaren Konpainiako langilea eta gure sindikatuko afiliatua. Hurrengo egunean Guardia Zibileko iturriek Zabalza desagertu zela zabaldu zuten. Handik eta 20 egunetara, abenduaren 15ean, bere hilotza Bidasoa ibaian agertu zen, Endarlatsa parean. 

Bertsio ofizialaren arabera, atxilotze aldian zulo bat miatzera joan zirenean Zabalzak ihes egin zuen bere zaintzaz arduratzen ziren Guardia Zibiletatik, eta ihesa horretan zendu zen, itota. Hala ere, inork gutxi sinesten du bertsio ofiziala, ez garai hartan ez gaur egun. Nahikoa lekukotza, zantzu eta froga daude Zabalza jasandako tortura basatien ondorioz zendu zela ondorioztatzeko. Horregatik, ELAk heriotza honen urtemugan, gertatutakoa salatzeaz gain, Zabalzaren familiak egia, justizia eta memoriarako duen eskubide osoa azpimarratu nahi ditu.

Ikusi ahotsa.info -k omenaldiaren inguruan argitaratu duen bideoa