Herriko Tabernen epaia betearazteak soilik frankismoak egindakoarekin aldera daitekeen ondare-konfiskazioa justifikatu nahi du

2020/04/22
ELAk erabat errefusatzen du Espainiako Estatuak "Herriko tabernak" konfiskatzeko hartutako erabakia, Auzitegi Gorenaren 2016ko epaia betez. Ebazpen judizial hark bi helburu izan zituen: batetik, Garzon epaileak aldez aurretik ezarritako tesi politiko bat finkatzea, hots, jarduera kultural eta politiko jakin batzuk delitu direla; eta, hortik aurrera, frankismoak egindakoarekin soilik aldera daitekeen ondare-konfiskazio bat justifikatzea.

Betearazpen horren helburua da esparru politiko independentista zigortzea eta kriminalizatzea, eta herritarrek legitimoki ematen dioten homologazio demokratikoa kentzea. Operazioa, gainera, Alarma Estatuan egiten ari dira, herritarrek eta gizarte erakundeek oinarrizko eskubideak erabili ezin dituztela aprobetxatuz.

Beste behin ere, agerian geratu da Espainiako Estatuaren defizit demokratikoa, bai eta gure herrialdearen normalizazio politikoa ez onartzeko erabaki irmoa ere.