Herrira-ren kontrako operazioari lan mundutik ere erantzuteko deia

2013/10/02
Herrira-ren kontrako operazioari lan mundutik ere erantzuteko deia
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek Herrira-ren kontrako operazioari lan mundutik ere erantzuteko deia luzatu dute Bilbon egindako agerraldian. Gauzak honela, ostiralean –urriak 4– eguerdiko 12:00etan lantokien aurrean eta herriko plazetan egingo diren bilkuretan parte-hartzera animatu diote Euskal Herriko langileriari.

ELAren izenean Adolfo Muñoz idazkari nagusia mintzatu da. Muñozek gogor salatu du egun Espainiako Gobernuan dagoen alderdiaren jarduna –PP–, eta bera jo du operazio honen protagonista nagusi gisa. “Partido Popularrak bere aurpegia zein den azaldu du, beste behin. Argi mintzatu beharra dago, eta garbi utzi PP alderdi antidemokratiko bat dela. Eta, gisa honelako alderdi antidemokratikoei ez zaie inolako estaldurarik eman behar, ez politikoki, ez sozialki eta, noski, ez sindikalki”. Dena den, ñabardura bat egin nahi izan du. “Ez dezagun ahaztu euskal auzian ere ez dagoela alde handirik Espainian PPk edo PSOEk agindu. Egun gutxi barru, urriaren 13an, lau urte beteko dira polizia operazio batek 'Bateragune' izenarekin ezagutzen dugun auzia zabaldu zuenetik, eta garai hartan PSOE zegoen gobernuan, Barne Ministroa Rubalcaba zelarik”.

Adolfo Muñozek Herrira erakundearen lanaren garrantzia azpimarratu du. “Hemen gauden sindikatu guztiak harremanak izan ditugu Herrira-rekin. Euskal preso politikoak euren eskubideak dituzte, eta eskubide horiek urratuak izaten dira etengabe. Horregatik zilegi da eskubide horiek defendatzea eta eskubide horien defentsan antolatzea. Hori da, hain zuzen, Herrira erakundeak egiten zuena”.

Hori guztiagatik herritarrei mobilizatzeko deia egin die ELAko idazkari nagusiak. “Ostiral honetan hitzordu garrantzitsu bat dugu lan mundutik. Larunbatean, berriz, Bilboko kaleetan ikusiko gara. Operazio honek ondorio bakarra izango du: sufrimendu gehiago ekartzea. Eta bada garaia sufrimenduarekin amaitzeko. Aski dela esan behar dugu, ozen, lantokietan eta kalean”.

Ikusi oharra