Heziketa Bereziko pertsonalgoaren hitzarmenaren aldeko sinadurak

2009/02/10
ELAk, LAB eta STEE-EILASekin batera, 8.000 sinadura inguru sartu ditu Lakuan Hezkuntza Sailean irakaskuntza publikoko lan-legepeko hezkuntza laguntzako pertsonalgoaren hitzarmenaren alde.

Hortaz, ELAk bildutako 3.016 sinadurak, gainerako sindikatuek jasotako beste 5.000 inguru sinadurekin batera, jadanik Hezkuntza Sailaren esku dira. Sinaduren bilketa honek inolako zalantzarik gabe erakusten du irakaskuntza publikoa orohar lantalde honen eskakizunekin bat datorrela.

Zentzu honetan komenigarria da gogoraraztea lantalde hau bere lan baldintzak berritu gabe dagoela 2003. urteaz geroztik.  

Lantalde honen helburuen artean nabarmendu dezakegu asteko gehienezko lanaldia 37,5 ordukoa izatea administrazioan ohi den bezala, exijitutako titulazioaren mailako soldata izatea eta udaren ordainketa ordezkoentzat.

Egundaino lantalde honek ezin konta ahala ekimen burutu du hitzarmenaren negoziazioa bideratu nahian. Tamalez, Administrazioak entzungor egin eta ez ditu aintzat hartu egindako eskeak. Horrexegatik, ELAk dio beharrezkoa dela Hezkuntza Sailak erakutsi duen itxikeriaren aurrean bestelako erantzun bat erakustea: erantzunaren maila eta indarra haziko dituena.

Gauzak horrela, ELAk mobilizazio-prozesu sakonagoa adosteko deia egiten die gainerako erakunde sindikalei borroka gogortzeko, izan ere, gaurdaino jorratutako bidea guztiz alferrikakoa izan da Administrazioaren jarrera negatiboa apurtzeko. 

ELAk espero du, langile hauen helburuak lortze aldera, gainerako erakunde sindikalek ere ildo bereko erabakiak hartzea Hezkuntza Saila jarrera aldatzera behartzeko.