Heziketa iraunkorreko dekretuaren aurka

2007/04/02
ELAk eta LABek pasa den martxoaren 27an Madrilen Ministro Kontseiluak lanbide heziketa iraunkorra arautzeko onartu zuen Errege Dekretua errefusatzen dute.

ELAk eta LABek 2006ko otsailean euskal langileriari bizkar emanda Madrilen CEOEk, CEPYMEk, CCOOk, UGTek eta espainiar Gobernuak sinatu zuten hitzarmenaren ondorioa den araudi hau salatu behar dute, honako arrazoi hauengatik:

- Araudi berria Administrazioak estatuko enpresario eta sindikatuen esku diru publikoak jartzen jarraitzeko duen interesaren isla da, itun sozialean eta morrontza sindikalismoan oinarritutako eredu bat bermatzearren. Errege Dekretu honek lanbide heziketari dagokionez lanbidearen negozioaren kudeaketa ahalmena enpresarioei, CCOOri eta UGTri bermatzen dizkieten funtsezko oinarriak berriro ere jasotzen ditu.

- Berriro ere “kutxa bakarra eta merkatuaren batasuna” irizpideak aipatzen dira; honek suposatzen du lanbide heziketaren zentralizazioa indartzea, eta Erkidego Autonomoak eramaten ditu heziketa horren zati baten kudeatzaile hutsak izatera.

- Heziketaren eta diruaren –lanbide heziketaren kuotak- eskumena berriro ere ukatzen du, HOBETUZ bezalako errealitateak mesprezatzen ditu eta, ondorioz, negoziazio kolektiboari buruzko estatuko legeen aplikazioa ere urratzen du.

- EAE eta Nafarroako eskumenak bere egiten ditu, Estatuko Enplegu Legea eta kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organiko uniformatzailea derrigorrezko erreferentetzat ezartzen dituelako.

- Langileen heziketa kudeatu eta planifikatzeko ahalmena enpresen esku uzten du berriro ere, ordezkari sindikalen zeregina zeregin informatibo eta laguntzaile huts batera murrizten du, eta 2004an hasitako eredua sendotzen du, hau erabateko porrota izan bada ere.

Honez gain, LABek eta ELAk deitoratu behar dute EAEko Gobernuaren utzikeria, bertako Hezkuntza Sailburua gehiengo sindikalarekin biltzeko gauza ere izan ez delako, eta EAEko lanbide heziketa iraunkorraren egoera larriaren aurrean burua ezkutatu besterik egin ez duelako.

Lanbide heziketa iraunkorraren egungo egoerak ekimen politikoak behar ditu, geure eredua gauzatzeko eta euskal enpresarioen eta eragile sindikalen gehiengoen arabera (bere garaian HOBETUZen sortzaileak) arlo eskudunetan zein negoziazio kolektiboan hartutako erabakiak errespetarazteko.