Hezkuntza Sailak egingo duen Enplegu Publikoko Eskaintza ez da nahikoa inola ere

2009/10/13
Unibertsitatez kanpoko irakasle publikoen Mahai Sektorialean, 2010. urtean egingo den EPEaren berri eman du Hezkuntza Sailak.

EPE honetan Bigarren Hezkuntzako 451 lanpostu baino ez dira eskainiko. Eskaintza hau, sektorearen egoera kontuan hartuz gero, ez da nahiko inola ere.

Gogoan izan behar da, ikasturte honetan, EPE honek eragiten dien kidegoetan, gutxienez 1.968 irakasle ordezko daudela ikasturte eta lanaldi osoko lanpostuak betetzen, kopuru horri ordezkapen txikiagoak egiten ari direnak gehitu behar zaizkiola eta maila hauetako zerrendetan izena emana daukatenak beste milaka batzuk direla.

Hezkuntza Sailaren eskaintzarekin  ozta-ozta betetzen dira erretiroek eta bestelako arrazoiek eragindako hutsuneak.

EPE hau bereziki arbuiatzeko beste arrazoi bat ere bada: eskainiko diren lanpostuetatik, %20 baino gehiagotan ez da ezinbesteko baldintza izango euskaraz irakasteko hizkuntza-eskakizunaren jabe izatea. Lanpostu hauek Lanbide Heziketari dagozkio. Erabaki honek argi asko erakusten du Hezkuntza Sailak ez daukala borondaterik sektore honetan hizkuntza-normalkuntza bultzatzeko.

Esandako guztiarengatik, harrigarria da CCOO eta UGTk erabaki honi emandako babesa.