Hezkuntza Sailak ez die erantzun Irakaskuntza Publikoko sindikatuen aldarrikapenei

2006/12/11
Hezkuntza Saila eta ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuen artean gaur, abenduak 11, burutu den bileran ez da inongo aurrerapenik eman Irakaskuntza Publikoan dagoen arazoa desblokeatu eta konponbidean jartzeko.

Sindikatuek atera duten oharrak azpimarratzen duenez, "orain arte bezala, sindikatuok berriro agertu gara Hezkuntza Sailak deituriko bilerara, sektorean egindako greba eta mobilizazio jendetsuen ostean Administrazioak eman beharreko proposamenak entzun eta negoziatzeko borondatearekin. Tamalez, Hezkuntza Sailak ez du berrikuntzarik mahai gaineratu eta aspalditik jarritako aldarrikapenen aurrean ere ez du batere zehaztapenik egin"

"Aipatu guztiagatik, erantzukizunez jokatuz eta arazoaren balizko irteeraren bat aurkitu nahian, STTE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuok Hezkuntza Saila premiatu dugu azken aukera hau aprobetxa dezala eta epe motzean, gabonak aurretik hain zuzen, egoera konponbidean jartzeko saiakera erreala egin dezan. Hori gertatu ezean, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuok ozenki adierazi nahi dugu greba eta mobilizazioekin jarraitzeko borondate irmoa dugula 2007ko urtarriletik aurrera", gaineratzen du oharrak.