Hezkuntza Sailak ez die erantzunik eman Irakaskuntza Publikoko langileen aldarrikapenei

2006/12/19
Hezkuntza Saila eta ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuen artean gaur, abenduak 19, egindako bileran, egun Irakaskuntza Publikoan dagoen egoera desblokeatu eta arazoa bideratzeko baliagarria izan daitekeen hurbilketarik ez da eman.

Orain arte egin bezala, sindikatuok beste behin agertu izan gara Sailak deituriko bilerara , sektorean egindako greba eta mobilizazio arrakastatsu eta jendetsuen ostean, Administrazioak derrigorrez eman beharko lukeen proposamenak entzun eta negoziatzeko asmoz.

Tamalez, gaurko egunean Hezkuntza Sailak ezagunak diren iritziak errepikatu besterik ez du egin eta ez du berrikuntzarik ezta zehaztapenik egin aspalditik luzatutako aldarrikapenen aurrean.

Ildo horretatik, esanguratsua da arlo ekonomikoan, soldatetan alegia, LEParekin batera beraien eskaintzaren zutaberik garrantzitsuenean hain zuzen, Administrazioa ez dela gai izan eskaintza zehaztu eta kuantifikatzeko, hori bai, izaera unibertsala ez duela izango argituz.

Gainontzeko ataletan, langileon aldarrikapenei erantzunen bat eman aurretik egin behar omen dituzten ikerketa, txosten eta abarren inguruko aipamen orokorrak besterik ez.

Guztiz tamalgarria da, benetako negoziazioa eta bileren luzapen antzua nahasteko Hezkuntza Sailak duen ohitura kronikoa.
STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuok, azaroan buruturiko mobilizazio eta greba arrakastatsuen ostean, arduraz jokatuz eta beti ere arazoa konponbidean jartzeko borondatearekin, abenduan zehar aukera berri bat eman nahi izan diogu Hezkuntza Sailari aldarrikapenen aurrean erantzun egokia eman dezan. Zoritxarrez, aukera hau zapuztu egin duela baieztatzen dugu eta ondorioz, eskaintza baliagarria egin ezean, urtarrilean jarraituko dugu aurretik hasitako greba eta mobilizazioekin.