Hezkuntza sailak ez du ikasturtea gainditu

2008/06/19
Hezkuntza Sailak 2007ko ekainean gutxiengo sindikalarekin lan-akordioa sinatu eta urtebete pasa ondoren, ez ditu ikasturteko helburuak gainditu

Urtebete pasa da Hezkuntza Sailak eta CCOO sindikatuak gutxiengoan, irakaskuntza publikoko Lan-Akordioa sinatu zutenetik. Langileen ordezkaritzaren gehiengoa duten sindikatuen plataformari muzin eginez eta mobilizazioen aurrean jarrera autoritarioa eta mespretxuzkoa erakutsiz, irakaskuntzako gatazka faltsuan itxi nahi izan zuen. Horren ondorioz ezarritako dekretuak ez die erantzun nahikorik eman irakasleen errebindikazio nagusiei eta Eskola Publikoak dituen behar eta erronkei.

Orduan esan genuen bezala, Akordio-Dekretazo hau atzerakoia eta ez-nahikoa da: Egonkortasun hitzarmena bertan behera utzi eta, bere ordez, finkatze sistema bat asmatu, interinoen lan-baldintzak nabarmenki okertuz, 55 urtetik gorakoentzat eskatutako irakas-ordutegiaren  murrizketaren eskaerari erantzun penagarria eman dio, Hezkuntza Sistemak dituen behar berriei aurre egiteko sortutako figura berriak ez dira orokortu, 2 eta 3 urteko geletan ez dute ratio egokirik aplikatu eta soldata igoera egokien eskaerari, zatiketa ezartzen duten osagarri ekonomiko arbitrarioak gauzatu dituzte.

Balantzea egiteko garaia iritsi da eta eskoletan egiten den bezala, ekaineko Ebaluazio-Txostena eman nahi diogu Hezkuntza Sailari.

(Ebaluazio-txostenaren testua ikusi)

Azkenik, lan-legepeko eta zerbitzuetako langileekin izandako jarrerak ez du izenik. Mespretxua, bazterketa eta adar jotzea dira administrazioaren jarrera hobekien definitzen duten hitzak.

STEE-EILAS, LAB, eta ELA sindikatuok egin diogun ebaluazio-txosten honen bitartez Hezkuntza Sailaren jarrera inposatzailea salatu eta langileen haserrea adierazi nahi dugu. Era berean, gatazka ez dela itxi eta datorren urtean akordio honen kontra borrokan jarraituko dugula adierazi nahi dugu.

 

Hezkuntza Sailak ez du ikasturtea gainditu, hobetu behar du eta ez dugu ikasturtea errepikatzerik gomendatzen.