Hezkuntza Sailak IRALE hezurretan uztea erabaki du

2010/03/01
EAEko Hezkuntza Sailak ¬–egin zaizkion bestelako eskaerak bazter utzita– irakasleak euskara ikasteko eta euskaraz trebatzeko programan, IRALE delakoan, egun gutxi barru hartuko dituen erabakiak jakinarazi ditu.

Datorren ikasturteari begira, U ikastaroetarako (ikasturte osokoak, HE1 eta HE2 lortze aldera antolatuak) eta R 300 ikastarorako deialdiak bakarrik egingo ditu orain (gainera, R 300 ikastaroaren kasuan, kupoa 350etik 300era murriztu eta lehendabiziko hiruhilekoan bakarrik egin ahal izango da txanda bakar batean; era horretan, irakasle ordezkoen esku hartzea ikastaro honetan kili-kolo jartzen delarik).

Antza denez, gainontzeko ikastaroetarako deialdiak, eskaintzekotan, irailean egingo dira, hitzarmen berriaren negoziazioa amaitu eta gero (?)

Egia esan, Hezkuntza Sailak une honetan egiten duen proposamen minimalista hau guztiz bat dator Euskararen alorrean hartu eta iragarri dituen beste neurri murriztaile eta erregresiboekin. Ezin esan koherentea ez denik. Izan ere, IRALEn egin nahi dituen gainontzeko aldaketen zentzua eta norainokoa ezagunak dira.  Aldez aurretiko inolako ebaluaziorik gabe inposatu nahi duen aldaketa sakon honek argi asko adierazten du irakasleen hizkuntza prestakuntza, euskararen ezagutzari dagokionez bederen, ez dela Hezkuntza Sailaren agendan lehentasunetako bat.

ELAk irmoki gaitzesten ditu aldaketa hauek, irakasleen hizkuntza-gaitasunaren arloan atzera egitea delako eta, horrexegatik, EAEko hezkuntza sisteman kalte nabarmenak eragingo dituelako.

Bereziki deigarria da gai honetan sindikatu batzuk Hezkuntza Sailarekin agertu duten adostasun erabatekoa eta eskaini dioten babesa. Are deigarriagoa, kontuan hartzen badugu aldaketa murriztaile hauek indarrean den eta sindikatu horiek izenpetu duten lan-hitzarmena urratzen dutela.

Testuinguru honetan salagarria da, eta adierazgarria oso, IRALE programak inoiz jasan duen birmoldatzerik handienari eta murriztaileenari ekiteko orduan, Hezkuntza Sailak eraldaketa hori justifikatuko lukeen inolako azterketarik aurkeztu ez izana, eta hain aldaketa sakona funtsean eginkizun teknikoa duen HINOEBA batzordearen bilera pare batekin bideratu nahi izatea. Bi bilera azkar hauekin Hezkuntza Sailaren asmoa ez da izan gai honi buruz hain beharrezkoa den eztabaida zabaltzea, ezta besteon proposamenak eta iritziak jasotzea, baizik eta aldez aurretik hartutako eta inola ere aldatzea pentsatzen ez duen erabakia jakinaraztea. Jokaera horrekin guztiz agerian geratu da, gai honi dagokionez, elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik oso urrun dagoela Hezkuntza Saila.

ELAk, argi geratu behar du, ez du esku hartuko, ezta bere izena erabiltzen utziko itxurakerietan, baina dei egiten dio Hezkuntza Sailari jarrera aldatu eta azterketarako, kontsultarako eta negoziaziorako epe benetako bat ireki dezan gai honekin zer ikusia duten sektore guztiekin. Hori da gutxienik egin beharko lukeena hain gai garrantzitsuan.