Hezkuntzak egindako eskaintza eskasa denez, greba bere horretan mantentzen da
 
                
              Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako eskaintza ez da nahikoa eta ez die erantzuten Lanbide Heziketako irakasleek egindako eskaerei. Ikasturte honetarako bakarrik da, eta aldarrikapen guztien zati txiki bati baino ez die erantzuten. Eta, batez ere, ez ditu konpontzen LHko lege berria ezartzeak sortzen dituen arazoak.
Lanbide Heziketako sistema publikoa beharrezko baliabide egokiez hornitzea aldarrikatzen dute. Besteak beste, eskola ordu gehiago eskatzen dituzte praktikak kudeatzeko, enpresekiko koordinazio hobea, hezkuntza orientazioa indartzea, espazioak egokitzea, irakasle espezialistekiko diskriminazioa amaitzea, ziklo berrietarako aldez aurreko eta baliabideekin planifikatzea, plantillak egonkortzea, astean 18 eskola ordura murriztea eta ratioak jaistea.
Nabarmendu behar da hiru eguneko greba deialdiaren ondoren bakarrik egin duela eskaintza Hezkuntzak. Horren aurrean, irakasleek eutsi egin diote azaroaren 3, 4 eta 5erako greba deialdiari, eta Lanbide Heziketako irakasle komunitate osoari eskatu diote aktiboki parte har dezaten mobilizazioetan.
