Hezkuntzako Sailak 700 irakasleren plazak murriztu ditu

2010/10/27
Eusko Jaurlaritzaren propaganda aparatuak ez du etenik eta oraingo honetan, lotsarik gabe, Hezkuntza Saila murrizketa larriak gauzatzen ari den bitartean, lanpostuak 1.000 plazetan handituko duenaren gezurra zabaldu eta sinestarazi nahi dio hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari.

 

Jakina da, pasa den uztailean Hezkuntza Sailak CC.OO.-ekin gutxiengoan sinatu zuen Irakaskuntza Publikoko hitzarmenaren ondorioz eta jaurlaritzaren kudeaketa medio, murrizketa gogorrak ematen ari direla hezkuntzako alor guztietan.

Kurtso hasieran gogor salatu genuen moduan, ia 800 irakasleek kurtsoa astebete beranduago hasi zuten, ordezkapenak gutxienez egun batez atzeratu dira eta kasu askotan ez dira astebete pasa artean betetzen, irakasle kopurua ez da matrikulazio berrien proportzioan igo eta ondorioz irakasleen lan-kargak modu esanguratsuan gehitu dira, honek ikasleen hezkuntza prozesuan eta beraiekiko arretan eragiten duen kaltearekin.

Hezkuntza Sailak ordea, egoera hau guztia ezkutatu eta gizartea nahastu asmoz, denak primeran funtzionatzen duela sinestarazi nahi digu. Kurtso hasieran Isabel Celaá Sailburuak irailaren 1ean irakasle guztiak zentroetan zeudela eta ordezkapenak beti bezala egiten ari zirela adieraziz gezurra esan bazigun, oraingoan hezkuntzaren premia eta erronkei aurre egiteko hezkuntzako lanpostuak 1.000 plazetan handituko dituela sinestarazi nahi digu. Honen atzean, ordea, bestelako errealitate bat ezkutatzen da.

Eusko Jaurlaritzak, bere gobernu kontseiluan onartzea iragarri dituen 1.000 plaza hauek, lehendik ere funtzionamenduan zeuden plazak dira eta ondorioz, aurrez ere betetzen ziren plazak ofizializatzen dira eta Hezkuntza Sailaren plantilla organikoa osatzera pasatzen dira. Beraz, pausoa positiboa izanik ere, inola ere ez du suposatzen, hezkuntza Sailak ulertzera eman duen moduan, ikasgeletan 1.000 irakasle gehiago izango ditugunik.

Erabaki honen atzean gainera, ez dago, jaurlaritzak esan moduan, CC.OO. eta UGT-rekin adosturiko Irakaskuntza Publikoko akordioa, ELAk Mahai Orokorreko akordioan jasotzera behartu zuen 2.500 plazen egonkortasun konpromezua baizik. Are gehiago, bai CC.OO. eta UGT-ek sinaturiko Irakaskuntza Publikoko hitzarmenean, baita orain jaurlaritzak iragarritako erabakian ere, Mahai Orokorrean 2010erako 500 plaza begetatibo huts betetzeko konpromezua desagertarazten dute. Beraz, hitzarturiko 500 plaza desegingo dituzte.

Propaganda honen atzean 2010-2011 ikasturtean praktikan gauzatu duen lanpostu murrizketa ezkutatu nahi du Hezkuntza Sailak. Izan ere, aurten Haur eta Lehen Hezkuntzan iaz baina 3.464 ikasle gehiago eta ondorioz 199 gela gehiago ditugu. Egoera honi erantzuteko aurreko ikasturteetako irakasle eta gela arteko proportzioa mantenduz 350 irakasle-lanpostu gehitu beharko lituzke departamentuak, baina hazkunde erreala 80koa besterik ez da izan, hau da, berez hazi beharko lukeena baina 270 irakasle gutxiagokoa. Praktikan, ikastetxeetako funtzionamenduan murrizketa eta okertze izugarria.

Bigarren Hezkuntzan egoera oraindik ere okerragoa da. Ikasturte honetan aurrekoan baina 2.121 ikasle gehiago aurrematrikulatu dira, %2 ikasle-talde gehiago, baina 262 irakasle gutxiago izango dira ikasle hauen heziketaz arduratuko direnak. Aurreko ikasturteetako ikasle eta irakasle arteko proportzioa mantenduz, ikasle igoera honi aurre egiteko 400tik gora irakasle gehiago beharko lirateke, baina Hezkuntza Sailaren erabakiz 262 irakasle gutxiago izango ditugu (pilaturiko murrizketa –700 inguru).

Inola ere ez da egia beraz, Eusko Jaurlaritza hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari ematen saiatzen ari den irudia. Ez dago baliabide gehiagorik hezkuntzarako, langile guztien parte bat egonkortu den arren, izugarrizko murrizketak eman dira zentroetako funtzionamendu errealerako lanpostuetan eta orokorrean baliabide eta irakasle askoz gutxiago daude ikasle kopuru eta behar handiagoei aurre egiteko.

Hau al da Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren alde egiten duen ahalegina? Hau al da hezkuntzaren kalitatea bermatu eta indartzeko duen estrategia?

Murrizketa politika honek, hezkuntzako langileen lan-baldintzak okertzen ditu, lan-kargak biderkatu, ikasleen heziketa eta garapena oztopatu, gurasoen kezka eta ardurak gehitu eta orokorrean Hezkuntza Publikoa erabat kaltetzen du.

ELA ez dago prest, honelako murrizketak onartzeko ezta Jaurlaritzaren gezurrak jasateko ere. Politika eta erabaki hauen aurka borrokatzeko prest agertzen da eta hezkuntzako langileei, gainerako eragileei, ikasleei eta gurasoei ere dei egiten die eraso hauei bakoitzari dagokion tokitik aurre egiteko.