Hezkuntzako sukalde ta garbiketa sektorean greba deitu du ELAk azaroaren 23 eta 24an
Oso kezkagarria da Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbikuntza sektorean langileok bizi duten egoera. EPEko azken mahai negoziatzailetik ia 7 hilabete igarota, ez dakite ezer egonkortze prozesuaren oinarriei buruz. Jakinda urte amaierarako oinarriak argitaratu behar dituela, ELAk gaitzetsi nahi du Sailaren jarrera.
Sukalde eta Garbikuntza sektoreak 2022. urte honetan zehar mobilizazio gaitasun handia erakutsi du, kontsolidazio EPE bermatzaile baten eta lan baldintzen defentsan. Horren baitan kokatzen dira martxoan eta maiatzean egindako 8 eguneko grebak, sektorean mugarri izan direnak.
Grebek EPEan eskaini den lanpostu kopuruan eragitea lortu dute, eta ELAk eskatzen zuen kopurura iritsi ez badira ere, greben eraginez eskainitako lanpostu kopurua handitu da. Oraingo egoera desberdina da, aldiz, eta kontsolidazio prozesuaren oinarriak daude eztabaidagai. Edo hobeto esanda, egon beharko lirateke, mahai negoziatzailea apiriletik elkartzen ez delako.
Horri, eskola publikoetako sukaldari eta garbitzaileak ez direla ordezkatzen edo oso berandu ordezkatzen direla gehitzen zaio, horrek gainerako lankideentzat dakarren lan kargarekin. Sailaren helburua argia da: geroz eta beranduago negoziazioa hasi, orduan eta oztopo gehiago mobilizazioa eta langileon erantzuna bideratzeko. Langileok bizi duten ziurgabetasunarekin jolasen dabil Hezkuntza Saila.
Gauzak horrela, kontsolidazioa bermatuko duen meritu lehiaketa baten negoziaketa eta ordezkapenak lehen egunetik egitea exjitzeko greba deitu du ELAk azaroaren 23 eta 24rako. Kontsolidazio erreal bat gertatzeko sektorean bertan lan eginiko denbora erabakigarria izan behar du. Kolektibo honetan dagoen behin-behinekotasuna ikaragarriarekin bukatzeko ordua da, baita pribatizazioari ateak ixteko ere. ELAren ustez, kaleetara itzultzeko baldintzek oso bizirik jarraitzen dute, eta horregatik, sektorea mobilizatzeko deia egiten du.