Hezkuntzako sukaldeko eta garbiketako langileen kontzentrazioa, sektorean ordezkapenik ez dagoela eta lan-gainkarga salatzeko

2021/11/16
Hezkuntzako sukaldeko eta garbiketako langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, lan-gainkarga eta sektorean ordezkapenik ez dagoela salatzeko. ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio premiazko neurriak har ditzala, abusuzko behin-behinekotasuna amai dezala eta ordezkapenak lehen egunetik kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzala.

Joan den ikasturtetik, Hezkuntza Ordezkaritzetan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, arazo larriak daude eguneroko lan-karga aurrera ateratzeko eta sukaldarien ordezkapenak kudeatzeko, besteak beste, ez da behar bezala egiten. Ondorioz, lehen egunetik bete beharreko ordezkapenak bete gabe geratzen ari dira, horrek langileengan eta zerbitzuaren kalitatean dituen ondorioekin.

ELAren ustez, kaos horrek zerikusi zuzena du sektoreak bizi duen behin-behinekotasun-tasa jasanezinarekin. Kontuan izan behar da Hezkuntzako sukaldeko eta garbiketako 674 langileetatik 447 behin-behinekoak direla, hau da, plantillaren % 66; beraz, eguneroko kudeaketa oso handia da.

ELAren ustez, ordezkapenen arazoari irtenbide egokia emateko, behin-behinekotasunaren arazoari egiturazko irtenbidea eman behar zaio. Horrela, beste behin ere, gaurko negoziazio mahaian Hezkuntza Sailari pribatizazioari atea ixteko eta lanpostuak eta langileak finkatzeko prozesuak abian jartzeko eskatu diote, hau da, Madrilen hartzen diren erabakien zain egon gabe, lanean ari diren behin-behineko langileentzat prozesu bermatzaileak berehala martxan jartzeko.

Eskoletako garbiketan eta sukaldeetan ordezkapenik ez egotea bereziki larria da; pandemia-egoeran administrazioak berak ezinbestekotzat jotzen dituen kolektibo horiei ez zaie izaera bera aitortzen eguneroko erabakiekin. Sukaldeen kasuan ere zailtasunak izan dira haurrei jaten emateko, lan-karga jasanezinak direla eta, eta langileen borondate ona eta ahalegin gehigarria ikusita, Eusko Jaurlaritzaren utzikeria guztiz salagarria da, langileen zein erabiltzaileen osasuna eta zerbitzua bera arriskuan jarriz.