laneko heriotza

Hil egin da Maderas Etxeari enpresan istripua izan zuen langilea

2024/10/25
Guztira 48 lan heriotz izan dira Hego Euskal Herrian, horietatik 13 Bizkaian. Lan istripua urriaren 15ean gertatu zen, langilea 3 metroko altueratik erori zenean, lanean ari zen zurezko zorua hautsita. Ezbeharra Boroako Maderas Etxeari enpresan gertatu zen, baina langilea Iurretako DANA-AIR azpikontratakoa zen eta konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanak egiten ari zen. Zaurien larritasuna dela eta hil egin da.

ELAk salatu du beste behin ere, prebentzioan inbertsiorik ez egitea, jardueren koordinazio desegokia eta la baldintzen prekaritatea dira istripu hilgarriaren atzean dauden faktoreak. ELAk doluminak helarazi nahi dizkio hildakoaren familiari eta lankideei. Halaber, Bizkaiko metalaren sektoreko langileekin eta, oro har, Euskal Herriko langile klasearekin batera, egoera aldatzeko lan baldintza duinak, osasungarriak eta seguruak eskatzen jarraituko du.

ELAk salatu nahi du erakundeak ez direla eraginkorrak izaten ari lan istripuak ekiditeko orduan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio gaiari lehentasuna emateko agenda politikoan, laneko arriskuen prebentzioaren arloan legea betetzea bermatzeko neurriak ezarrita.

ELAk elkarretaratzea deitu du urriaren 31n Boroako Poligonoan, 12:30ean.