Hiru egunetan metal arloko lantegiak itxita egon dira Gipuzkoan

2010/10/15
ELAren iritziz, greba egunen arrakastaren ondoren, Adegik erabaki egin behar du gatazkari eusten dion ala akordioak lortu nahi dituen. Gipuzkoako enpresarioen elkartean zentzuzko jarrerak nagusitzeko garaia da; hauek edukia duen negoziazio bati ekin beharko liokete.

ELAk adierazi du erabateko arrakasta lortu dutela metaleko sektoreko langileek hitzarmenaren alde egin dituzten hiru greba egunek.

Sindikatu honen iritziz, negoziazioa izan behar da gatazka bideratzeko modua; azken urteetan ez zen honelako egoerarik ezagutu Gipuzkoako metalgintzan. ADEGIk Gipuzkoako hitzarmeneko lorpen sozial gehienak bertan behera geratzea nahi du, eta asmo honi langileek erantzun tinkoa eman diote.

Patronalak nahi badu, saihets dezake azaroa berriro lau greba egunekin hastea. ELAren ustez, Gipuzkoako enpresarioen elkartean zentzuzko jarrerak nagusitzeko garaia da; hauek edukia duen negoziazio bati ekin beharko liokete. Argi dago langileekiko mespretxuz jokatzen duenak gatazka sortzeko hazia ereiten duela.

ELAk zorionak eman nahi dizkie greba eta mobilizazioetan parte hartzen ari diren milaka langileei: Eredu dira Gipuzkoako langile guztien duintasunaren eta lan-baldintzen aldeko borrokarekin, berehalako etekina eta balioak baztertzera jotzen dutenen aldean.

Gaur milaka langilek parte hartu dute Donostiako kaleetan zehar egin den manifestazioan lan hitzarmena exijitzeko.