Hiru greba egun abiatu dituzte lan gainkarga salatzeko
ELAk salatu dutenez, eguneroko lan-karga jasanezina eta plantilla eskasa direla medio, gero eta zailagoa da erabiltzaileek behar duten arreta bermatzea.
Langileen arabera, egoitzan dagoen arazo nagusietako bat egiturazko langile falta da, txanda guztietan ordezkapen eta langile nahikorik ez dagoelako. Horrez gain, lanaldi partzialen ugaritzeak arreta zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duela nabarmendu dute.
Bestalde, plantillak salatu du lan baldintzek osasunean ondorio larriak eragiten dituztela, nekea eta gaixotasunak areagotuz. “Ezin dugu jarraitu guztioi kalte egiten diguten baldintzetan lanean”, adierazi dute grebaren harira.
Mobilizazio honen bidez, ELAk berehalako neurriak eskatu dizkio enpresari: kontratazio gehiago egitea, lan antolakuntza hobetzea eta enplegu duinaren aldeko neurriak ezartzea. Zaintza duina bermatzeko ezinbestekoa da langileen osasuna eta lan duintasuna errespetatzea.