Deia
Hiru greba egun berri deitu dituzte, eginbeharrak berreskuratu eta soldatak desizozteko
Soldata 2009tik daukate izoztuta langileek eta 2019tik hitzarmena iraungita dago. Gainera, plantilla erdira murriztu da bi EEEren ondoren. Arrazoi ekonomiko horiei gehitu behar zaie legez derrigorrezkoa den berdintasun-planik ez dagoela, eta hori kaxoi batean lurperatuta dagoela, erasoen aurkako protokoloaren ondoan.
Greba hau deitzeko beste arrazoietako bat da enpresa paralelo berri bat sortu duela zuzendaritzat, NTM deitutakoa. NTMk ez dauka hitzarmen propiorik eta soldata nabarmen txikiagoarekin kontratatzen ari da jendea. Deiako langileei lana kendu eta NTMkoei ematen ari dira. NTMn, gainera, Deiako hamabi lankidek "ustezko zerbitzu-eginkizunetan" jarraitzen dutela salatu dute grebara doazen plantillako kideak. Eta horri buruzko iritzia eskatu ez zaiela salatu dute.
Aurrekoari enpresaren deskapitalizazioa gehitu behar zaio. Iaz Boroako errotatiba planta saldu zuen zuzendaritzak, baina horrek ez du ekarri plantillaren baldintza ekonomikoak hobetzea. Gainera, soldata-eskala bikoitzak bere horretan jarraitzen du: lanbide-kategoriak izan behar dutenak baino eskasagoak dira eta autonomo faltsu bezala dituzte langile asko. Hainbat epaiketa galdu ditu enpresak aurrekoagatik, eta errekurtsoak jarri ditu, inplikatutako langileen mina luzatuz horrela.
Horrek guztiak greba deitzera animatu ditu egunkaria egunero ateratzen duten langileak. Soldatak KPIaren arabera eguneratzea eskatzen duten, bai eta soldata eskala bikoitzarekin bukatzea, gerentziaren legez kanpoko praktikekin amaitzea, lana beste enpresei bidali ez eta Deiako langileei ematea eta plantilla berriz ere bateratzea.