ARTXANDAKO TUNELAK

Hiru greba egun berri deitu dituzte hil amaierarako

2023/04/19
Apirilaren 28tik 30era egingo dute greba langileek, Transbisak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoen Interbiakek Hitzarmen berria negoziatu nahi ez dutelako. Halaber, auzitegira eta Lan Ikuskaritzaren aurrera bidali nahi du plantillak Zuzendaritza, grebarako eskubidea urratzeagatik.

Hitzarmenaren negoziaketak desblokeatzeko eta langileen baldintzen arteko aldearekin amaitzeko, Artxandako Tuneletako beharginak mobilizazioak eta greba egunak hasi zituzten orain aste batzuk. Azken greba egunak apirilaren 15 eta 16 izan ziren eta, ELAk salatu duenez, zuzendaritzak grebarako eskubidea urratu zuen beste langile batzuekin beteta grebalarien funtzioak. Eta horrexegatik ELAk iragarri du gertatutakoa Lan Ikuskaritzan eta auzitegietan salatuko duela. Gogoratu beharra dago Interbiakek finantziatzen duen zerbitzu publikoa kudeatzen duela Transbisak, eta Interbiak Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko sozietate publiko bat dela.

Aldundiak duela gutxi esleitu zion zerbitzua Transbisari eta zuzendaritza berriaren jarrera ezaproposagatik 50 langiletik gorek egin zuten greba. Sindikatuak adierazi duenez, mobilizazioak areagotu egingo dira langileen helburuak asetzen ez dituen hitzarmenik sinatu ezean, bitartean enpresaren mozkinak gero eta handiagoak baitira diru publikoari esker.