Hiru greba egun Cortefiel taldean

2012/12/21
Enpresa hitzarmenaren alde, ELAk hiru greba egun deitu ditu Bizkaian Cortefiel taldeak dituen dendetan: Cortefiel, Springfield, Women's Secret, Pedro del Hierro eta Fifty Factory. 150 langileri dagokien lehen greba eguna bihar, hilak 22, izango da, eta hurrengoak urtarrilaren 5 eta 7an. Bihar, eguerdiko 12etan elkarretaratzea egingo da Cortefielek Bilboko Gran Vía kalean duen dendaren aurrean.

 

ELAk salatu egin nahi du Cortefiel taldeko zuzendaritzak ez daukala negoziatzeko bat ere borondaterik: hil hauetan negoziazio-mahaian aurrera egiteko aukera guztiak blokeatu ditu, CECOBI sektoreko patronalaren esanetara; izan ere, Bizkaiko patronalak erreforma laboralaren punturik atzerakoienak ezarri nahi baititu, eta 2013ko uztailaren 7a iritsi zain dago, hitzarmenen aurrera-eragina amaitzen den eguna alegia (aurrera-eragina medio hitzarmen baten edukiak indarrean jarraitzen dute beste akordio bat sinatu arte).

Cortefiel eta Bizkaiko ugazaben elkartea bat datoz enpresako negoziazioa indargabetzeko eta erreforma laboraleko alderik kaltegarrienak ezartzeko asmoari dagokionez.

Cortefiel da CECOBIko kide den oihalgintza sektoreko talde bakarra. Haatik, ELAk ez du onartzen patronal horrek merkataritzako beharginen baldintzak negoziatzeko legitimitatea duenik. Gauza bat jakin nahiko genuke: Zer dago CECOBIren atzean? Gure ustez, patronal hutsa besterik ez da: saltoki handiak, Cortefiel taldea izan ezik, ez daude ordezkatuta. Bestalde, dendari txikiek bizkarra eman diote, patronal horretatik kanpora beste elkarte modu batzuk bilatu dituzte, ez baitute beren jarrera, ez estrategia onartzen. Beraz, nor dago CECOBIn? Nor, zein interes ordezkatzen du? Noren izenean hitz egin dezake, benetan ordezkaritzarik ez badauka?