Bizkaiko eta Nafarroako lan heriotzekin, jada 19 langile hil dira 2022an

2022/04/12
Beste hiru lan heriotzen berri izan du sindikatuak azken orduotan: alde batetik, Nafarroan gaur arratsaldeko 15:00etan Iruñeko Arrosadia auzoko Urrobi Ibaia kaleko obra batzuetan zendu da 52 urteko langile bat lan istripuz; bestetik, gaur ere jakin dugu lan istripu ez traumatikoen ondorioz bi langile hil direla Bizkaian, Zamudion eta Leioan, pasa den astean bata eta gaur bertan bigarrena. Jada, beraz, 19 langile hil dira 2022an, lanean zirela.

Nafarroari dagokionez, lan istripuz hil den hirugarren langilea da. Horrek esan nahi du Nafarroan hilero pertsona bat hiltzen dela lanaren ondorioz, eta egunero 30 pertsonak lan istripua izaten dutela.

Bizkaikoei begira, Osalan oraindik ikertzen ari da gertatutakoa. Baina lehen datuen arabera, apirilaren 6an Zamudioko Parke Teknologikoan dagoen INGEMAT enpresan 59 urteko langilea hil zen lan istripu ez traumatikoz, eta gaur, apirilak 12, beste lan heriotza ez traumatikoa gertatu da Leioako CAR BIZKAIA enpresan (orain arte dugun informazioaren arabera, 50 urte inguruko langile bat zendu da).

ELA sindikatuak doluminak eman nahi dizkie senide eta lagunei, eta animo eta elkartasun mezua helarazi nahi die hildakoaren langile eta lankideei.

Ildo horretan, ELA sindikatuak dei egiten du datozen egunetan euskal gehiengo sindikalak azken bi lan heriotza horien eraginpean dauden enpresetako langileen alde egingo dituen elkarretaratzeekin bat egiteko. Era berean, sindikatuak gogoratu nahi du bihar, apirilak 13, Hondarribian kontzentrazioa egingo dela 11:30ean Kofradian lanean hildako arratzalearen heriotza salatzeko.