Haizea Bilbao (Zierbena)

Hiru langile zigortu dituzte segurtasun neurri falta salatzeko deitutako lanuzteetan parte hartzeagatik

Hiru langile zigortu dituzte segurtasun neurri falta salatzeko deitutako lanuzteetan parte hartzeagatik
ELAk greba deitu du azaroaren 26an, osasuna eta segurtasuna ez direla negoziatzen eta errepresaliak ezin direla onartu salatzeko.

Haizea Bilbao Zierbenako portuan dago eta aerosorgailuetarako egitura metaliko handiak fabrikatzen eta muntatzen ditu 800 bat langilerekin. Bada, ELAko bertako atal sindikalak salatu du enpresak hiru langileri diziplina zigorrra jarri dizkiela lantegian deitutako mobilizazioetan parte hartzeagatik.

Zuzeneko errepresalia dira zigorrak. Lanuzteek honako helburu argia baitzuten: salatzea enpresak ez dituela prebentzio neurririk hartu eta izandako lan istripuak salatzea (horietako batzuk oso larriak).

ELAren ustez, diziplina-neurri horien helburua da beldurra sortzea, protesta desaktibatzea eta lan baldintza seguruak eskatzen dituztenen mobilizazio legitimoa zigortzea. Gogorarazi nahi dugu deitutako lanuzteak langile guztien osasuna eta osotasun fisikoa babesteko egin zirela, eta eskubide hori ezin dela zalantzan jarri.

Egoera horren aurrean, ELAk greba eguna deitu du azaroaren 26rako. Egun horretan, langileek berriro erakutsiko dute osasuna eta segurtasuna ez direla negoziatzen, eta errepresaliak ezin direla onartu.