Hiru patronalek metaleko edukiak inposatu nahi dituzte

2004/07/26

Metaleko sektorean gertatutakoari, negoziazioa izan ezik, beste edozein gauza deitzen ahal zaio. ELAren ustez hiru patronalen helburuak hurrengoak izan dira:

· Sektoreetako akordioen edukiek soldata igoera besterik ez agertzea, eta kasurik hoberenean lanaldiaren murrizketaren bat jasotzea.
· Prekarietatea, soldatetan diskriminazioa eta azpikontratazioaren ondorio larriez hitz egin nahi ez izatea pribilegiatzen dien egoera defendatzeko.
· Euren plataformetan behin eta berriz irristatzen ari diren sindikatuen estrategiak alda daitezen itxarotea, patronalak mahaigaineratu dituen edukietaraino iristen diren arte. Zentzu honetan denborak eta edukiak kontrolatuz sektoreko negoziazio kolektiboa beherantz baldintzatzen saiatzen ari dira.

ELAren metaleko federazioak azpimarratu nahi du azken hamarkadan izandako hazkunde ekonomikoaren ondotik, enpresarien irabaziak izugarri handitu direla eta bitartean soldatek pisua galdu dute. "Aberastasuna gaur egun, lehen baino modu bidegabekoan banatzen da. Ukatu ezin daitekeen errealitate hau prekarietatean, diskriminazioan eta azpikontratazioan oinarrituz lortu dute." Errealitate hau kontutan hartuta, ELAk behin eta berriz esan du negoziazio kolektiboak gai hauei behar den lehentasuna eman behar diela, akordioen sinadura baldintzatzen duten edukiak izanik. ELAren ustez ezin daiteke esan sektoreko hitzarmen onak sinatzen direnik, negoziazio kolektiboan atal hauek ukitu gabe.

Horregatik, patronalaren negoziatzeko gogo ezarengatik eta sektoreko negoziazio kolektiboan gai hauetaz hitz egin nahi ez izateagatik, enpresa askotan anbizio handiagoko erreferentziak bilatu dituzte. Honela behin-behinekoak finko egitea, eskala bikoitzak eta hirukoitzak desagertzea, lanaldiaren murrizketa, azpikontratatutako enpresen soldatak igotzea, lehen ez zituzten osagarriak eta abar, lortu dira.

Urte honetan Euskal Herrian batzordea duten 104 enpresetan akordioak lortu dira. Batazbesteko soldata igoera %4,37koa izan da (EAEn %4,27), pasa den KPIaren gaineko %1,77ko soldata igoera (EAEn %1,67) eta %0,87ko igoera (EAE %0,77%) urte-arteko KPIaren gainean. Lanaldiaren murrizketa 5,75 ordu/urteko izan da (EAE 5,96).

26 enpresetan behin-behinekoak finko egiteko akordioak lortu dituzte, bitartean errelebo kontratuak 1.400 langile baino gehiagorengan eragina izan du. Enpresa kopuru handi batetan azpikontratazioa mugatzeko akordioak lortu dira, baita soldata bikoitzak kendu edo murrizteko. ELArentzat guzti honek negoziazio kolektiboaren kalitateari dagokionez joera aldaketa nabaria suposatzen du.

ELArentzat enpresetako negoziazio kolektiboak prozesu zorrotzagoan sartu behar du alde erreibindikatiboei dagokienez. Patronalak sinatu nahi dituen hitzarmen kolektiboek, aipatutako alorretan ez digute inongo poztasunik emango. Gauzak horrela, enpresaren eremuak bere garrantzia hartzen du, lantegietako errealitatea kontutan hartuta, modu integral eta hurbilean enpresariek inposatzen dituzten errealitate berriei erantzun sindikalak emateko. "Sindikalgintza enpresetan indartsu badago negoziaziorako nahi duen eremua hautatu ahal izango du, hala ez bada indargabetuta geratuko da".