laneko heriotza
Hirugarren heriotza lan istripuan 2025ean Nafarroan

ELAk jakin duenez, Construcciones Beraza enpresako 52 urteko langile bat hil da gaur goizean Arbizun (Nafarroa), karga batek harrapatuta. Joan den urtarrilaren 10ean, Berriozarko Udaleko langile bat eta taxi gidari bat hil ziren beren ibilgailuek talka eginda, Añezcarren. Ezbehar horien aurrean, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoen hurbilekoei, eta gertatutakoa nahiz egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko ikerketa sakonak egin daitezela eskatu du.
2025eko lehen hilabete honetan hiru pertsona hil dira euren lanpostuetan Nafarroan. Iaz 24 pertsona hil ziren lurralde horretan, guztira 66 Hego Euskal Herrian. Ondorioz, Nafarroak azken hamarkadako ezbehar-tasarik txarrenak pilatu ditu.
ELAk gogorarazi du heriotza gehienak oinarrizko segurtasun-neurriekin saihestu zitezkeela, eta horren atzean patronalaren zigorgabetasuna eta erakunde publikoen konplizitatea daudela. Enpresek sistematikoki urratzen dute laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezko bitartekoak ezartzeari, eta, bitartean, diru publikoa esleitzen dio laneko ezbehar-tasa murrizteko guztiz ezeraginkorra den Elkarrizketa Sozialari. Onartezina da.
Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk patronalari eskatu dio lehentasuna eman diezaiola plantillen segurtasunari etekin ekonomikoaren aurretik, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio uko egin diezaiola Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura finantzatzeari, eta kopuru ekonomiko nahikoak eslei ditzala Nafarroako enpresetan eta lantokiak ikuskatzeko baliabideak hirukoizteko.