Gipuzkoako Altzarigintza

Hitzarmen Kolektiboa berreskuratu du ELAk

Hitzarmen Kolektiboa berreskuratu du ELAk
Sektorearentzako lan baldintzetan zorua izango den akordioaren balioa azpimarratu du sindikatuak, 2000. urtetik KPI berreskuratuta.

2000. urtetik hitzarmen kolektiboak eskaintzen duen estaldura gabe zeuden sektore horretako langileak. ELAk bazekien ez zela erraza izango ‘pesetetan’ idatzitako testuak eguneratu eta hobetzea baina ahalegin horri ekin zion. Orain, Adegi eta Arotzgi patronalek egindako azken eskaintza baloratu ondoren, erabakia hartu du hitzarmena sinatzeko.

ELAk balioan jarri du soldata taulen eguneratzea (26 urtetako KPI guztien batura gehitu zaie taulei) 2028 arteko KPI igoera urtero, eta 36 ordutako lanaldi murrizketak jasotzen dituen akordioa egitea. Horrez gain, erreformen ondoren horren beharrezko diren inaplikazio klausula eta ultraktibitate mugagabea ere gehitu diote hitzarmenari.

Altzarigintzako sektorea ez da oso handia Gipuzkoan, baina ELArentzako lehentasuna izan da lan baldintzak duindu eta 2026ari dagokion hitzarmena eskuratzea. Helburu garrantzitsua izan da ere, sektore honetako enpresa txiki eta ertainentzako hitzarmenaren babesa lortzea.

Negoziazio mahaian ELAk gehiengo du, sinadurarako. Sektorean hala ere, ez dira antolatutako enpresa asko. Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko datuen arabera, 16 ordezkari daude Gipuzkoan. 10 ditu ELAk, 5 LABek eta ordezkari bakarra UGTk.