Nafarroako arte grafikoen industria

Hitzarmen probintziala berreskuratzeko sinadura bilketa eta mobilizazioak iragarri dituzte

2025/05/06
ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk, ordezkaritzaren %100arekin, iragarri dute sektoreko langileak antolatzen ari direla 2014an ezabatu zen hitzarmena berreskuratzeko. Orain arte, patronalak uko egin dio Nafarroarako arte grafikoen hitzarmen berri bat negoziatzeari.

2014an, Nafarroako Arte Grafikoen patronala PPk eta UPNk ezarritako lan erreformaz baliatu zen arte grafikoen sektoreko hitzarmen probintziala ezabatzeko. 1977az geroztik zegoen hitzarmena zen, eta sektorean gutxieneko lan baldintzak ezartzen zituen. Lehenago ere saiatu zen patronala hitzarmena ezabatzen 90eko eta 2000ko hamarkadetan, baina mobilizazioen bidez eraso horiek gelditzea lortu zen.

Nafarroako hitzarmena desagertzearekin, enpresa gehienek negoziazio esparru berria erabili zuten lan eskubideak ezabatzeko eta Estatu mailako hitzarmenaren baldintzak okerragoak inposatzeko. Honek berresten du Nafarroa mailako sektoreko hitzarmenek Estatu mailakoek baino lan baldintza hobeak dituztela.

Egoera honen aurrean, ELA, LAB, UGT eta CCOO sektoreko langileak antolatzen ari dira Nafarroako arte grafikoen industriaren hitzarmena berreskuratzeko. Orain arte, AEGRAN patronalak uko egin dio negoziazio mahai bat osatzeari, eta lau sindikatuek sinadurak biltzeko kanpaina hasi dute. Dinamika horren ondoren, patronalak ezezkoan jarraituz gero, mobilizazio gehiago egingo dira, presioa areagotuz Nafarroako arte grafikoen hitzarmena berreskuratzea lortu arte.