Haizea WEC – Agurain

Hitzarmena berritzeko akordioa egin dute, helburu guztiak lortuta

Hitzarmena berritzeko akordioa egin dute, helburu guztiak lortuta
Aguraingo Haizea WECeko langileek hamar eguneko grebari amaiera eman diote gaur, enpresa batzordeak atzo lortutako aurreakordioaren edukiak % 84ko babesarekin onartu ostean. ELAko 8 ordezkarik eta LABeko batek osatzen dute batzordea.

Aguraingo Haizea WEC galdategian dorre eolikoen buruak fabrikatzen dira, eta 150 pertsona inguruk egiten dute lan bertan.

Hitzarmenaren negoziazioak urtearen hasieran hasi ziren, eta blokeatuta zeuden, benetako aurrerapenik ez zegoelako. Egoera horren aurrean, langileek greba mugagabea deitzea erabaki zuten, eta urriaren 2an hasita.

Gaur, urriak 16, langileen batzarrak enpresa batzordeak lortutako aurreakordioa berretsi du, grebari amaiera emanez.

Hitzarmen berriak bost urteko indarraldia izango du, 2025etik 2029ra, eta urteko soldata KPIaren arabera eguneratzea aurreikusten du, plantillaren erosahalmenari aldi osoan eutsiko zaiola bermatuz.

Era berean, etorkizuneko lan erreformen aurrean blindatzeko mekanismoak txertatu dira, lortutako baldintzak babesteko eta enpleguaren egonkortasuna ziurtatzeko.

Hitzarmenak barne hartzen du, gainera, urteko hiru eguneko lanaldi murrizketa, txanda kontratua finkatzea eta Haizea Group taldeko gainerako enpresekin pixkanaka arriskugarritasun plusa parekatzea hitzarmenaren indarraldian zehar.

Gainera, langileek enpresak sartu nahi zituen murrizketak saihestea lortu dute, hala nola laugarren txanda bat ezartzea edo gehiegizko malgutasun neurriak.

Akordio honekin, Haizea WECeko langileek ezarritako helburu guztiak betetzea lortu dute, antolaketak eta batasunak lan baldintzen defentsan duten indarra beste behin ere erakutsiz.