Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko gaur Metro Bilbaon deitutako lehen lanuzteak jarraipen zabala izan du

2022/06/29
ELAk, CIMek eta UGTk deitutako goizeko lanuztearen hiru orduetan, gutxieneko zerbitzu gisa ezarritako trenak baino ez dira ibili. Arratsaldean beste lanuzte bat deitu dute

ELA, CIM eta UGT sindikatuak oso pozik agertu dira Metro Bilbaon gaur deitutako lehen lanuztearen jarraipenarekin (6:30etik 9:30era), gutxieneko zerbitzu gisa markatutako trenak bakarrik ibili baitira. Arratsaldean, 18:30etik 21:30era, beste lanuzte bat dago deituta.
Oro har, enpresa guztian lanuzteen jarraipena arrakastatsua izan da. Ildo horretan, sindikatuek salatu dute enpresako zuzendaritza lanuzteei buruzko datu manipulatuak helarazten ari dela, gutxieneko zerbitzuak sartzen baititu datu horietan. Gainera, behin behineko langileek lanuzteak egin ez ditzaten enpresak duen jarrera bortitza onartezina da. Sindikatuak horren aurkako neurriak hartzea aztertzen ari dira.
Deialdia egin duten sindikatuen asmoa da lanuzte eta mobilizazio hauekin hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea. Hala ez bada, beste lanuzte egun bat deituko dute uztailaren 1ean.