Nafarroako merkantzien garraioa
Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko kontzentrazioa egin du ELAk

Merkantzien garraioaren sektoreak duela 15 urte eguneratu gabe du soldata, eta erosahalmenaren ia %30 galdu da. ELAk hitzarmenaren negoziazioari berriro ekitea eskatzen du soldatak eguneratzeko eta lanaldiak, mezularitzaren sektorea eta logistikaren sektoreko subrogazioa arautzeko.
Merkantzien garraioaren sektorean 10.000 pertsonek baino gehiagok egiten dute lan Nafarroan sektorea osatzen duten eremu guztietan (kamioien garraioa, logistika eta mezularitza), eta 2008tik eguneratu gabe dago hitzarmen kolektiboa. Harrezkero, sektoreko langileek erosahalmenaren %28,9 galdu dute.
ELAk eskatzen du patronalak hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko, erosahalmena berreskuratzeko, lanaldiak, mezularitzaren sektorea eta azpikontratatutako logistika enpresentzako subrogazioa modu eraginkor eta errealean arautzeko.
Horregatik, ELAk deituta elkarretaratzea egin dute patronalaren egoitzaren aurrean sektoreko ordezkariek eta langileek.