Nafarroako bidaiarien garraioa
Hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko elkarretaratzea egin da

Bidaiarien garraioaren sektoreko langileek batzarra eta elkarretaratzea egin dute Iruñeko autobus geltokiaren aurrean, bi urte baino gehiago eta hainbat bilera egin ondoren hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. Sektore horretan 800 pertsona inguruk egiten dute lan, urteko lanaldia oso handia da (1.770 ordu), lan egutegiak kontziliazioa eragozten du, eta soldatak gero eta okerragoak dira.
Alde batetik, patronalaren planteamendua lan baldintzak are gehiago prekarizatzea da, gidatzeko denbora bakarrik ordainduta, eta ez langileak enpresaren esku dauden denbora guztia. Gainera, soldata igoerei buruzko planteamendua erosahalmena bermatzetik urrun dago.
Bestetik, Nafarroako Gobernuak sektorean ematen diren zerbitzu gehienak Hezkuntza eta Garraio Departamentuaren bidez lizitatzen ditu, eta sektoreko langileen lan baldintzak onak izatea bermatzen duen klausularik ez duela jasotzen esleipenetan salatu dute.