Nordex Blades – Irunberri
Hitzarmenaren negoziazioan enpresaren blokeoa hausteko lanuzteek ekoizpena geldiarazi dute

Irunberriko Nordex Blades enpresan 500 pertsona inguru egiten dute lan haize sorgailuetarako palak ekoizten. Hitzarmena negoziatzeko 19 bilera egin ondoren, enpresak edozein aurrerapen blokeatzen jarraitzen du, eta lan baldintzak okertzea eta erosahalmena galtzea proposatzen du, KPItik beherako soldata igoerekin.
Egoera honen aurrean, enpresa batzorde osoak lan txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak deitu ditu gaurko, ekainak 26, eta beste lanuzte bat ekainaren 28rako. Gaurko lanuzteen jarraipena % 90etik gorakoa izan da, eta % 100 ingurukoa kontratu mugagabea duten langileen artean. Ekoizpena erabat gelditu da.
Enpresa batzordeak, lanuzteen erabateko jarraipenak babestuta, berriro eskatu dio Nordex Bladeseko zuzendaritzari lan baldintzak hobetuko dituen, erosahalmena bermatuko duen eta lanaldia murriztuko duen hitzarmen baten negoziazioan aurrera egiteko.