Nafarroako merkantzien garraioa

Hitzarmenaren negoziazioan patronalak ezarri duen blokeoaren aurkako mobilizazioa egin dute

2025/06/27
ELAk, UGTk, CCOOk eta LABek deituta, besteak beste, galdutako erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerak, lan egindako ordu guztiak kotizatzea eta subrogaziorako eskubidea jasotzen duen hitzarmena eskatu dute.

Hitzarmen sektorialak 17 urte daramatza izoztuta, eta KPIaren % 31ko soldata galera metatu da. Honen aurrean, elkarretaratzea deitu dute 4 sindikatuek 2023ko urrian hasitako garraio eta logistika sektoreko hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko.

Sindikatuek aurrera egiteko borondatea izan arren, ANET patronalak jarrera onartezina izaten jarraitzen du, lanaldiaren banaketa irregularra handitu nahi duelako, ultraaktibitatea bezalako eskubideak murriztu nahi dituelako, 2031ra arte indarrean egongo den hitzarmena nahi duelako, 2008ko hitzarmenetik beherako gaueko orduen tasazioa nahi duelako eta lehendik zeuden osagarriek xurgatuko dituen soldata igoera proposatzen duelako.

Proposamen horiek, soldaten izoztea eta lan baldintzen okertzea dakarte.

Plataforma bateratuak, dietetan edo pizgarrietan ezkutuko xurgapenen iruzurraren salaketa jasotzen du, eta eskatzen du lan egindako ordu guztiak kotizatzea eta ordaintzea, bajen estalduran murrizketarik ez egotea, erosahalmena berreskuratzea eta subrogaziorako eskubidea bermatzea.

Era berean, ezkutuko aparteko orduen kotizazioan egiten den iruzurrak (dietak, esaterako) duen eragin fiskalari buruzko ikerketa eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta enpresentzako zigor eredugarriak.

Aurrerapenik ezean, datozen hilabeteetan mobilizazio sektorialak hasiko direla ohartarazi dute.