Arabako esku-hartze soziala

Hitzarmenean patronalak eta sindikatuek adostutako testua aldatu eta negoziazioa blokeatu du Aldundiak

2023/02/14
35 bilera egin ondoren, Aisa patronalak eta sindikatuek akordio bat lortu zuten Arabako Esku-hartze Sozialerako III. Hitzarmena sinatzeko. Akordio hori idatzita zegoen, baina Aldundia tartean sartu da eta edukia aldatzera behartu du, adostutakoa hautsiz eta negoziazioa blokeatuta utziz.

Urtarrilaren 18an, 35 bilera egin ondoren, sindikatuek eta Aisa patronalak akordio bat adostu zuten Arabako Esku-hartze Sozialerako III. Hitzarmenaren edukiari buruz. Egun batzuk geroago, behin betiko testua idatzi zen, eta alde guztiek ontzat eman zuten.

Baina hitzarmena Aldizkari Ofizialean argitaratzea besterik geratzen ez zenean, Arabako Foru Aldundiak akordioaren edukia aldatzea behartu zuen. Zehazki, aldatu egin da bigarren xedapen iragankorraren idazketa, eta horrek esan nahi du gutxienez 12 zerbitzutako langileek ez dituztela 2021etik hasi eta lizitazioak ebatzi arte soldata atzerapenak kobratuko (6 hilabete inguru).

Horren ondoren, AISA patronalak bere egin zuen Aldundiak emandako testua, eta sindikatuei bidali zien, nahiz eta adostutakoa ez izan eta negoziazioetan inoiz planteatu ez. Hau da, negoziatu gabeko edukia da, eta ez da inola ere sartzen urtarrilaren 18an itxitako akordioan.

Orain negoziazioa blokeatuta geratu da, eta Aldundiak ez du sindikatuekin bildu nahi izan. Aurrera egiteko asmoz, sindikatuek patronalari proposatu diote esleipenekin arazo hori duten 12 zentruek hitzarmena argitaratu eta hurrengo hilabetean atzerapenak ordaintzeko konpromisoa hartuz dokumentu bat sinatzea.

Patronalarekin egingo den hurrengo bileran aurrerapausorik ez badago, otsailaren 21ean batzarrak deituko dira sektorean, eta bertan mobilizazioak eta grebak planteatuko dira, Aldundiak eta patronalak beren jarrera alda dezaten behartzeko.

Sindikatuen ohar osoa irakurri