ZERBITZU PUBLIKOAK
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete sindikatuek euskal erakundeei

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, Gasteizen, zerbitzu publikoak Hego Euskal Herrian erabaki eta indartu ditzaten eskatzeko. Egun berezian egin dute mobilizazioa. Izan ere, hirugarren urtez, 2024an sektore publikoko langileek erosahalmena galduko dute, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Gainera, gaur bertan osatu da Eusko Jaurlaritzako gobernu taldea. Hori dela eta, erakundeei eta alderdi politikoei "hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko" eskatu diete. "Urratsak egin behar dira EAEko langile publiko guztien lan baldintzak hemen erabakitzeko".
Azken urteotan euskal erakundeek zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatu dituztela salatzeko egiten ari diren mobilizazio eta greben barruan kokatzen da kontzentrazioa. "Erabaki horrek ondorio larriak ekarri ditu langile publikoen lan eta bizibaldintzetan eta zerbitzuen kalitatean", diote.
Ildo horretan, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute, zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioarekin amaitzeko eta bertoko langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzeko.
Hori guztia, negoziazio mahaietan hobekuntzak adosteko: galdutako soldata berreskuratzea; enplegu publikoa sendotzea eta sortzea; gaztetzeko planak adostea; langileen osasuna bermatzea; lan egiteko eskubidea bermatzea; euskaraz bizitzea; eta lanaldia murriztea.