Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatu du ELAk

2017/05/31
ELA, LAB, EHNE, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuek Donostiako Protokoloarekin bat egin dute gaur eguerdian Miramar Jauregian, Kontseiluak antolatutako ekitaldian. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa balioan jarri du ELAko idazkari nagusi ‘Txiki’ Muñozek. “Donostiako Protokoloa interesgarria da langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira, neurri zehatzak biltzen dituelako eta honekin batera, guk ere badauzkagulako ekarpenak egiteko arlo honetan”.

ELAk ekainaren 15 eta 16an egingo duen kongresuan gaiari emango dioten ikuspegia ere azaldu du Muñozek. “Hizkuntza-eskubideen borroka berdintasuna, demokrazia, justizia soziala eta klase borrokaren parte dela, hain zuzen ere. Euskal Herriko administrazioek lehen mailako erantzukizuna daukate herritarron eskubideak bermatzeko. Horretarako, beharrezkoak dira erabaki politikoak, neurri eraginkorrak eta baliabideak martxan jartzea".