Hogeitik gora langile kaleratu dira Lanbiden 2015 urteko amaieran
Iazko irailean Eusko Jaurlaritzak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Lanbideren akordioa sinatu zutenean ELAk iragarri zuen akordio hura itxurazko konponbidea izango zela enpleguaren euskal zerbitzuan izandako hiru urte baino gehiagoko gatazkarako.
Sindikatuak akordioa ez sinatzeko orduan izan zituen arrazoien artean hauek izan ziren nagusiak:
-
Akordioan jasotako puntuak erabat zehaztu gabeak ziren; hori dela-eta, gerora askotariko interpretazioak egin litezke.
-
Akordioaren edukiak ez ziren nahikoak plantillaren eskakizunak asetzeko.
-
Lanpostu guztiak mantentzeko bermerik eza.
Gainera, akordio hura prestatzeko izan ziren presaren eta bat-batekotasunaren ondorioz antolamendu-anabas handia sor litekeela iragarri genuen.
Tamalez, denborak arrazoia eman digu, zeren azken hilabete hauetan antolamendu-nahaste handia egon da bulegoetan, Administrazioak alde bakarreko interpretazioen arabera aplikatzen du akordioa, eta abenduan hogei langile baino gehiago kaleratu dituzte DBE/RGI programatik. Lanbideren Zuzendaritzak emandako datuen arabera, urtarrilaren 27an 24 langile geratu ziren lanik gabe. ELAk errekurtsoak jarri ditu zenbait kaleratzeren aurka, irregularrak izan zirelakoan.
ELAk Lanbideko langileen eskubideak zaintzeko eskatzen jarraituko du.